Getarian ez ezik, Angiozarren ere aurkeztuko dute gaur, urteko txakolina

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko urtarrilaren 22a

Javier Arregi arrasatearrak aurkeztuko du, azken urteetan bezala. Gaur, domekan izango da, 12:00etako meza ostean, Parteitti auzoan.

Txakolinaren festa handia ospatu zuten martitzenean, San Anton Eguna, Getarian. Gipuzkoako Txakolina jatorri izenpeko 26 upategik erakutsi zuten aurtengo uzta, tartean Debagoieneko bik: Arrasateko Egiaundi upategiak Kataide izenekoa erakutsi zuen eta Oñatiko Upaian upategiak Upaingoa izenekoa.

"Orain saltzea da kontua"

Getarian primeran pasa zutela eta eguna borobila izan zela esanda, aurrera begira jarri da Javier Arregi Egiaundi upategiko nagusia: "Getariako dastatzeak funtzionatu du; aurtengo txakolina ona atera da, baina orain saltzen den ikusi behar da. Ardo asko dago eta Arabako Errioxakoarekin lehiatzea ez da erraza, nahiz eta txakolina ezberdina den, eta nire ustez hobea, gainera", esan du Arregik. Eta gehitu du: "Aurten %25 gehiago ekoiztu da. Guk 13.000 litro atera ditugu eta hori saltzea da orain kontua".

Getarian ez ezik, Angiozarren ere aurkeztuko du aurtengo txakolina Javier Arregik, Parteitti auzoko San Bizente jaian. 12:00etako mezaren ondoren izango da, auzokoek banatuko duten salda eta txorizoari laguntzeko

Bailaran sei ekoizle

Debagoienean sei baserritan dituzte Getariako Txakolina jatorri izenpeko txakolina egiteko mahatsondoak. Lau Oñatin daude eta beste bi Arrasaten. Oñatikoak Murgialdai, Belaskuena, Ditxosuena eta Upain dira; Arrasatekoak, berriz, Egiaundi eta Artazubiaga dira.

Sei ekoizle horietatik bi dira upategia dutenak: Egiaundi eta Upain. Biek egiten dute txakolina; lehenak, Kataide markakoa eta, bigarrenak, Upaingoa izenarekin. Hirugarren batek, Artazubiaga baserriak, Otxia izenarekin komertzializatzen du txakolina, baina honek ez dauka upategia eta Getariako upategi batean bihurtzen diote txakolin, Arrasaten batutako mahatsa.

Oñatiko Murgialdai, Belaskuena eta Ditxosuena baserrietan batutako mahatsa, berriz, saldu egiten dute, beste upategi batzuek txakolina egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak