32 etxebizitza horietatik 29 aterako dira zozketara; izan ere hiru etxebizitza bere garaian Urteagaren garapenerako desalojatutako hiru familiarendako izango dira. Etxebizitzak egiteko lanak ez dituzte oraindik hasi, baina asmoa da uda aldera jartzea lanak abian. 2014ko udarako lanak bukatuta egotea aurreikusten dute promotoreek. Madura Etxegintza SL enpresak eta Udalak Gabonetan sinatu zuten hitzarmena.
Esandako moduan, 32 etxebizitza aurreikusten dira, Urteagan egiten ari diren etxebizitza tasatuei jarraituta, hain zuzen ere. Etxebizitza txikienak 42 m2 eta logela bakarra dauka, eta garajea eta trastelekua barne 100.000 euro balio du (BEZa aparte). Etxebizitza handienak, berriz, 73 m2koak dira eta hiru logela dituzte. Hauen kasuan, prezioa 151.000 eurokoa da, garajea eta trastelekuarekin. Prezioari BEZa gehitu behar zaio.
Baldintzak udaletxean
Hasiera baten, babes ofizialeko 128 etxebizitza 64 etxeko bi fasetan egitea aurreikusten zuten, baina krisi ekonomikoa dela eta ez dira garai onenak hauek etxeak saltzeko eta hori dela eta oraingoz behintzat, 32 etxebizitza egingo dira. Lehen faseko beste 32 etxeak pendiente geratuko dira oraingoz.
Zozketa egin eta gero hasiko lirateke Urteagako babes ofizialeko etxebizitzak egiten. Etxeen planoak eta zozketan parte hartu ahal izateko bete beharreko baldintzak udaletxeko bulego teknikoan daude eskuragarri. Edozelan ere, Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren araudira egokitu beharko dira eskatzaileak.
Interesatuek bulego teknikora jo dezakete argibide eske, astelehenetik egubakoitzera, 08:00etatik 14:00etara bitartean. Eskaera, berriz, otsailaren 3rako aurkeztu beharko dira, ondorengo zozketan parte hartu ahal izateko.
Hasierako aurreikuspenen arabera, baliteke zozketa udaberrian izatea.