Hona sartzea etxean sartzea moduan izango da zuretzat, hainbeste urte udaletxean eginda...
Bai, oraindik ere egundoko harremana dut hemengo jendearekin, lagun asko ditut. Gauza ona da jakitea beste batzuk pozik egon zirela nirekin; ni ere hala egon nintzen eurekin.
Hamasei urte, urte asko dira.
Bai, asko da, batez ere familiarendako. Ez nuen erabat alde batera utzita, baina pazientzia handia izan dute eurek ere. Baina ni pozik nenbilen, eta esaten zidaten: 'Zu pozik bazabiltz, segi aurrera'.
Eta zerk bultzatuta ibili zara hainbeste urte? Politikagatik ala herriagatik?
Herriagatik. Ni beti politikan sartzearen kontrakoa izan naiz. EAJn afiliatu nintzen Udalean sartu nintzelako, baina lehen agintaldian independente gisa sartu nintzen. Gaur egun berdin pentsatzen dut; inoiz esan didatenean EAJn arduraren bat hartzea-edo, nik beti...
Kultura arloan ibili zara. Aurrez ere bazenuen ibilbiderik kultura arloan?
Bergaran egon zen gazteen mugimendu bat; Verdury hall deitzen genuen hartan Parrokiako Gazteen Elkarteko zuzendari izan nintzen; lokal bat utzi zigun Elizak eta gauzak antolatzen hasi ginen, musika kontuak-eta.
Kultura eskaini zizuten, eta onartu zenuen hortaz.
Bai, Bandarekin, Orkestrarekin... ibili naiz. Musika asko gustatzen zait, eta horregatik sartu nintzen, batez ere, Udalean.
Eta zer egin da Bergaran musika arloan denbora honetan?
Gauza asko. Lehenengo agintaldian, Jose Luis Elkoro alkate zela, Anaje Narbaiza zen Kulturako buru. Oso ondo moldatzen nintzen harekin, eta hark ezin bazuen nik eramaten nituen kultura kontuak. Bandarekin eta Orkestrarekin leku askotan egon ginen, Huelvan adibidez. Alfredo Gonzalezek egin zituen La Mision filmeko doinuen partituren konponketak, eta Huelvako musika bandako zuzendariak entzun eta hara gonbidatu gintuen. Aste Santu baten egon ginen Huelvan; bederatzi kontzertu egin genituen hango herrietan, eta arrakasta handia izan genuen. Oroitzapen hori dut.
Beste irteera batzuk ere egin zenituzten...
Bai. Bartzelonan egon ginen Aritzetarekin, hango abesbatza batekin trukea eginda. Orduan gehiago egiten ziren trukeak, orain ez da halakorik egiten. Italian ere egon ginen Orfeoiarekin, eta trukean hango banda etorri zen Bergarara.
Orkestra berezia da zuretako.
Bai. Orkestra musika eskolan zegoen gure garaian, baina musika eskola asko hazi zen eta Orkestra-eta eramateko diru eta gauza asko behar ziren. Udaletxetik esan genion Orkestrari lagunduko genuela, eta horri esker dugu oraindik orkestra, besteak beste, udaletxearen laguntza hari esker.
Eta zu Kulturako buru izan zarela gauzatutako beste proiekturen bat?
Bada, Aroztegi erakusketa aretoa ere jarri genuen martxan. Kutxarena zen lokala, eta udaletxeak erosi egin zion. Beno, diru oso gutxiren truke, ia eman egin zuen lokala Kutxak. Beste proiektu bat ere izan genuen azken agintaldian, Seminarioan auditorioa egiteko.
Hori egin gabe utzitakoetan bat. Baduzu pena?
Bai, badut pena hori. Nik uste frontoia izan dela Bergarako auditorioa. Zabalotegi ere oso txikia zen, nahiz eta orain ondo dagoen zinerako.
Zinea diozula, izan zen zalaparta horrekin ere.
Novedades partikular batek eramaten zuen, baina udaletxeak diru asko sartzen zuen. Partikular hark ezin zuela eraman, eta udaletxeak ere beste gauza askotarako behar zuen dirua. Lokala ere partikularra zen, eta horregatik ez zen gehiago egin. Ez ginen konpondu eta itxi egin zen zine aretoa.