Arrosa Irrati Sarearen jardunaldiak Bergaran, otsailaren 25ean

Edu Mendibil 2012ko urtarrilaren 17a

Arrosa Irrati Sareak jardunaldi batzuk iragarri ditu otsailaren 25erako Bergarako gaztetxean. Hamar urteotan pilatutako esperientziak eta jakintzak elkartrukatzea da jardunaldion helburua.

Euskal Herriko hainbat irrati txikiren arteko elkarlana oinarri hartuta, orain dela hamar bat urte jarri zuten abian Arrosa Sarea. Euskarazko irratsaioak elkartrukatzea izan da zeregin nagusia orain arte; hala ere, sareko kideek "etekin handiagoa" atera ahal zela pentsatu dute beti; "beharrei erantzuteko tresna propioak sortu behar izan ditugu, eta horretara datoz jardunaldi hauek: tresna hauek elkartrukatu eta bakoitzaren ezagutza besteekin konpartitu", azaldu dute antolatzaileek.

Hain zuzen ere, Bergarako jardunaldietan hamar tailerretan hamar gairen inguruan jardungo dute, beti ere kontu praktikoak jorratuz. Hasi berri diren edo hastear dauden herri edo auzo irratiei dei berezia egin diete jardunaldietan parte hartzeko.

Tailerrak goizez izango dira otsailaren 25ean, eta arratsaldean, landuetako esperientzietan oinarrituta, pare bat gairen inguruan solasean arituko dira: generoa eta komunikabideak batetik eta irratiak eta teknologia berriak bestetik. Jardunaldiei amaiera emateko, parte hartzaileen arteko eztabaida saioa egingo dute, World Cafe moduan. Gauean, berriz, musika jaialdia izango da gaztetxean, taldeak zeintzuk izango diren oraindik konfirmatuta ez dagoen arren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak