Haritz, Lucia, Maria Luisa, Kontxita, Miren, Irantzu... denak daude Aroztegira doazen bisitariei begira, aretoko paretetatik; hausnartzen, jaten, otarrak egiten... baina irribarre batekin, beti. Nekane Lazkano argazkilari bergararrak jaso ditu erretratuetan; aukeraketa egin eta erakusketa osatu du. Barikuan ireki zuen Aroztegin.
Hamasei urte zituenean Bergarako Aspacen egin zuen lan eurekin eta urte batzuk geroago itzuli egin da; argazki kamera eskuetan, oraingoan. Hilabetez joan da, ia egunero.
Garun-paralisia dutenen naturaltasunak erakarri du Lazkano eta benetakotasun hori gizarteari erakusteko helburuarekin atera du aurrera proiektua, "asko dugulako ikasteko eurengandik", bere esanetan. Erakusketak etxean, herri bertan, ikusi du argia lehen aldiz, baina egileak baditu beste geldialdi batzuk buruan; Madril eta Bartzelona horien artean.
Erakusketak zabalik daramatzan egunetan izandako harrerak erakusten du interesa piztu duela: bariku arratsaldetik zapatu iluntzera bitartean 240 lagunen bisita jaso zuen.
Protagonistak ikusle
Argazkietako protagonistek ez dute oraindik erakusketa ikusi, baina Aspacetik Aroztegira txangoa antolatzeko ideia Lazkanoren buruan dabil bueltaka. Hilaren 29ra arte dute horretarako aukera. Egun horretatik aurrera, egileak nekanelazkano.com webgunean zintzilikatuko du erakusketa.