Ikastetxeen txanda heldu da Saharari laguntzeko

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko urtarrilaren 12a

Gabonetan egin ohi duten moduan, aurten ere Bubisher elkarteak Sahararen aldeko janari bilketari ekin dio. Dagoeneko hainbat jaki batu dute herriko komertzioetan, eta orain, ikasleen txanda heldu da. Hilaren 20ra arte izango dute aukera gaztetxoek eta baita herritarrek ere Saharara bidaltzeko jakiak emateko. Momentuz, antolatzaileek esan digute pozik daudela bildu dutenarekin.

Aurreko urteotan bezala, kanpainaren helburua hauexek batzea da: egoskariak (lentejak, garbantzuak eta beste), pasta, olioa, azukrea, atun eta sardina latak, helduendako fardelak eta konpresak.

Janari bilketa

Herriko hainbat dendatan (Eroskin, Dian eta Super Amaran) eta beste hainbat janari komertzio txikitan hasi ziren jaki horiek batzen. Eta, oraingoz, kontaketa ofizialik egin ez duten arren, jaso dutenaren balorazio positiboa egin digu Bibi Anduezak, Bubisher elkarteko kideak: "Erantzuna nahiko ona izaten ari dela uste dugu. Lau egunean saltoki desberdinetan izan gara eta, behintzat, igarri dugu gu bertan egoten garenetan jendea gehiago animatzen dela eta badoala poliki-poliki kanpaina. Hala ere, esan beharra dago kanpaina amaitu arte eta kontaketa ofiziala egin arte ez dakigula aurreko urtearekin alderatuta gehiago edo gutxiago jasoko dugun. Baina uste dugu orokorrean kanpaina erantzun ona izaten ari dela".

Ikastetxeen txanda

Herritar guztiek segitu ahal izango dute janari-dendetan euren laguntza uzten, baina orain bereziki etxeko txikienen txanda heldu da. Gabonetako oporren bueltan eskoletan hasi direla-eta, eurei dagokie jakiak eta bestelakoak geletara eramatea, ondoren, jasotako guztia Saharara bildatzeko. Horretarako aukera izango dute hilaren 20ra arte, eta herri hauetako ikastetxeetan batuko dituzte Sahararako jakiak eta bestelakoak: Bergara, Antzuola, Elgeta, Angiozar eta Soraluzen. Anduezak azpimarratu digu garrantzitsua dela txiki eta gazteei hango egoera zein den azaltzea eta kontzientziatzea.

Bubisherkoek ekainean ere batu zituzten jakiak Saharako kanpalekuetara bidaltzeko, eta orain batutakoak otsailean bidaliko dituzte. Gainera, urte osoan bi kontu korronte dituzte zabalik, dirua eman nahi dutenendako.

Eskerrak herritarrei

Anduezak eskerrak eman gura dizkie herritarrei: "Gu ahalegintzen gara jaki bilketa bideratzen, baina jendea da benetan laguntza ematen duena; herritarrei, eskerrik asko, lan txalogarria egiten dutelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak