Disko helduagoarekin zatozte.
Infer gure lehenengo diskoa baino helduago eta garatuagoa da; salto handia eman dugula konturatu gara, bai musikaren kalitateagatik, baita soinuagatik ere. Diabulus in musika oso disko landua da, detaile eta kolore desberdin askokoa. Bluesa da oinarri, gure lehen diskoan bezala, baina beste estilo batzuk ere zeharkatzen ditugu. Oso gustura geratu gara emaitzarekin.
Kolaborazio askoko lana da.
Aitor Gorosabel, Jon Gurrutxaga, Israel Santamaria, Satan ass haize-laukotea eta Enrike Txurruka piano-jotzailea izan ditugu lagun. Nork bere kalitatea eskaini dio diskoari eta horrek asko aberastu du emaitza.
Aldatu, eboluzionatu egin duzue.
Eboluzioa disko berrian ikus daiteke…. askoz helduagoak gara musikalki, eta normala da, 100 kontzertu inguru jo ditugu lehenengo diskoa atera genuenetik; horrek esperientzia eta eskarmentu handia ematen du.
Bluesaren publikoa zorrotza da.
Kalitatea gura dute, eta hori eskertzekoa da. Guk kalitatearen aldeko apustua egin izan dugu beti, eta jarraitzaile ugari izatea lortu dugu.
Oso teknika ona duzue. Inprobisazioarendako lekurik?
Teknika beti da garrantzitsua; izan ere, teknika barik, ezingo duzu sekula instrumentua menderatu eta, horren ondorioz, zu zeu espresatu. Instrumentua menperatuta, sentimenduak eta emozioak azaleratzea errazagoa da. Guretzat garrantzitsua da, baina horrek ez du esan nahi inprobisatzen ez dugunik. Teknika ona izanez gero, inprobisatzeko baliabide gehiago izaten dira. Gure kontzertuetan inprobisazio handia ikus daiteke, baina kontzertuen egitura ondo lotuta eramatea gustatzen zaigu.
Bluesa eta gitarra elektrikoa.
Bai, hori da gure ezaugarrietako bat. Bluesaren oinarriei Ibonen gitarraren soinu indartsu eta azkarra gehitu diegu. Blues modernoa dela esan daiteke.
Espainiako Arte eta Musika Zientzien Akademiaren sarietan, proposatua izan da Infer kantua. Ze sentsazio sortu dizue?
Gauzak ondo egiten ari ginen seinalea izan zen; hobetzen segitzen dugu…
Jonhy Winterrekin batera egon zineten agertokian, Hondarribian.
Itzela izan zen. Horrelako munstro historiko baten ondoan jotzea! Ez dago hitzik. Horrelako jaialdietan asko ikasten da, musikari asko ezagutu, giroa arnastu... bikaina!
Eskola didaktikoak ere ematen dituzue.
Aspaldi hasi ginen kontzertu didaktikoak ematen. Musika modernoaren oinarriak azaltzen ditugu bluesaren sorreratik abiatuta. Bereziki, gazteen ikuspegia ireki nahi dugu. Oso harrera ona duen formatua da.
Jendaurrean aurkeztu duzue diskoa; ze harrera izan du?
Oso ondo hasi da, lehenengo kontzertuan jende asko bildu zen eta disko mordoa saldu genituen. Giro bikaina! Diskoa bailaran aurkeztuko dugu, lehenengo, eta gero, probintzia eta hiriburuetara joango gara. Blues musikaz eta bere giroaz disfrutatzen segitu nahi dugu orain.