Nekane Lazkanok Bergaran egiten duen bigarren erakusketa da Aroztegikoa. Aurretik, Pobreza en Roma izenburupean, erakusketa egin zuen Nahikari tabernan eta erakusketa bera Eibarren, Portaleako tabernan egon zen ikusgai. Hain zuzen ere Eibarko Deportivoko argazki taldeko kidea da Lazkano.
Aroztegiko erakusketari buruz, topikoetatik urruntzen eta ikusleei ikuspuntu ezberdin bat eskaintzen ahalegindu dela diosku Nekanek: "Betidanik nire errealitatea agertzea nahi izan dut eta argazkien bitartez horretara hurbiltzea. Aspacekoekin bizi izandako esperientziak argi utzi zidan zerbait ederra zirela. Edertasuna euren ilusioan eta bizi-gogoan datza. Ez dago gezurrik erakusten duten irribarre eta begiradan. Nire lana zera izan da: kameraren leihatilatxotik begiratu, irribarre bat ikusi eta irudi lortu. Protagonistena berriz, euren naturaltasuna erakustea, besterik ez".
Nekane Lazkanoren argazki erakusketa urtarrilaren 13tik 29ra egongo da ikusgai Aroztegin, ohiko ordutegian: martitzenerik egubakoitzera 18:00etatik 20:30era; zapatuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeketan goizez bakarrik, 12:00etatik 14:00etara.