Olentzero & Co! musikalaren emanaldi sorta amaitu da dagoeneko. 2010ean Eibarren, Arrasaten, Donostian eta Bergaran izandako arrakastaren ondoren, 2011ko abenduan beste bi hiriburutan eskaini dute ikuskizuna Olentzero & Co! musikalean parte hartzen duten 200 lagunek.
Bilbon bi emanaldi egin dituzte Campos Eliseosen, eta Iruñako Baluarten emanaldi bat eskaini zuten. Bi aretoak bete egin ziren eskaini zituzten emanaldietan; Bilbon 1.200 ikus-entzulek gozatu zuten musikalarekin eta Iruñan 1.300ek. Antolatzaileak oso pozik gelditu dira musikalak bi hiriburu horietan izandako harrerarekin.
Baina dagoeneko iritsi dira musikal horren ibilbidearen amaierara eta penaz agurtu dute Olentzero & Co! musikala.
'Peter Pan'
Hala ere, Bergarako Musika Eskolak badauka etorkizunerako beste proiektu bat eskuartean: Peter Pan musikala. "Protagonistak herriko musika eskolako abeslari txikiak izango dira eta Peter Pan lanaren ingelesezko bertsio bat euskaratu dugu horrekin orain lanean hasteko" esan digu Valen Moñux Olentzero & Co! musikaleko zuzendari artistikoak.
Dagoeneko, beraz, lanean hasteko gertu daude. Olentzero & Co! musikala baino muntaia txikiagokoa izango da Peter Pan, xumeagoa. Hala ere, herritar ugarik hartuko dute parte eta bertako protagonista izango diren gaztetxoek oso pozik hartu dute berria.
Antolatzaileen asmoa da ahalik eta azkarren hastea lanean Peter Pan ikuskizunarekin eta urte honetan bertan estreinatzea.