Idazle Eskolan ari diren herritarrendako dirulaguntzak

Edu Mendibil 2012ko urtarrilaren 3a

UNEDeko Idazle Eskolak antolatzen dituen modulu eta hitzaldietan parte hartzeko laguntzak emango ditu Udalak 2012an. Idazten eta ozenki irakurtzen trebatzeko ikastaro laburrak eskaintzen dihardu Idazle Eskola.

Dagoeneko amaituta daude iritzi-artikuluari eta poesiari eskainitako moduluak eta urtarrilean ipuinak idazten ikastekoa hasiko da Edorta Jimenez idazlearen eskutik. Zortzi zapatutan eskainiko da, 10:45etik 12:00etara.

Era berean, urtarrilean zabalduko da antzerkiko moduluan apuntatzeko epea ere eta martxoan izango da ozenki irakurtzen trebatzeko moduluan izena ematekoa.

Bestalde, hilean behin, idazle edo kultura-sortzaile baten hitzaldia izaten da; urtarrilaren 21ean Julen Arriolabengoa idazlea izango da Jaun Zuriaren askazia bere liburuaren jiran jardungo duena. Aurten Euskara jatorrian hartu dute hizpide, eta Julen Arriolabengoaz gain, hizlari izango dira Patxi Zubizarreta, Juan Antonio Urbeltz, Jon Sarasua, Xamar, Fredi Paia eta Aitor Furundarena.

Esandako moduan, bai moduluetan eta bai hitzaldietan parte hartzeko interesa duten bergararrek Udalaren dirulaguntza jasoko dute. Laguntza matrikularen %75era artekoa izan liteke lana dutenen artean eta %100era artekoa ikasle eta langabeen kasuan.
   
Laguntzen arautegia eta bete beharreko inprimakia Udaleko webgunean duzue eskuragarri.

Idazle Eskolaren eskaintza osoaren gaineko informazioa hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak