Euskal Herriko irrati libreen elkarlanerako jardunaldia aurkeztu du Arrosa Irrati Sareak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko abenduaren 29a

Arrosa Irrati Sareak 'Euskal Herrian bada zer entzun!' jardunaldia antolatu du otsailaren 25erako. Euskal Herri osoko irratiek –horietako gehienak libreak– osatzen duten sareari "etekin handiagoa" ateratzeko eta elkarlanean oinarrituta, jardunaldia antolatu dute Bergarako gaztetxean, 10:00etan hasita. "Irrati txikiok, gehienok ez-profesionalak gainera, eguneroko lanean agertu zaizkigun beharrei erantzuteko tresna propioak sortu behar izan ditugu. Horretara datoz jardunaldi hauek", adierazi dute aurkezpenean.

Jon Aranburu Arrosa Irrati Sareako kidearen arabera, sareko irrati libreek urte asko daramatzate elkarlanean: "Batez ere irratsaioak elkartrukatzen eta halako lanetan dihardugu. Hala ere, elkartruke horretan beste hainbat gauza egin genitzakeela pentsatuta geunden. Urteotan hartutako esperientziak elkartrukatzeko jardunaldia antolatzea pentsatu dugu. Hemen, prentsaurrekoa eman dugun leku berean, Bergarako gaztetxean".

Tailerrak, eztabaida eta kontzertua

Egun osorako egitaraua prestatu dute. 10:00etan hasita hamar tailerretan hamar gairen inguruan lanean arituko dira, oinarrizkoenetik teknikoenera. Hala, antolatzaileek dei berezia egin gura diete herri edo auzo irratiei jardunaldiotara joateko: "Ateak zabalik daude interesa daukan edonorendako".

Bazkalostean, berriz, bi gai izango dituzte hizpide: generoa eta komunikabideak eta irratiak eta teknologia berriak. Jardunaldiei amaiera emateko eztabaida saio txiki bat egingo dute eta eguna borobiltzeko kontzertua egongo da gauean.

Informazio gehiagorako idatzi arrosa.sarea@gmail.com helbidera edo deitu 656 748 025 telefonora (Jon).

Arrosa Irrati Sareako kideak

Honako hauek dira Arrosa Irrati Sarea osatzen duten irratiak: Antxeta irratia (Txingudi), Arraio irratia (Zarautz), Arrakala irratia (Lekeitio), Eguzki irratia (Iruñea), Gure irratia (Lapurdi Oarso, Donostialdea), Hala Bedi irratia (Araba, Sakana, Errioxa) , Info7 (Euskal Herria) , Irulegiko irratia (Behe Nafarroa), KKinzona irratia (Urretxu-Zumarraga), Koska irratia (Uribe Kosta, Ezkerraldea eta Txorierri), Matrallako irratia (Eibar), Molotoff irratia (Hernani, Astigarraga, Urnieta, Donostia, Lasarte eta Andoain), Oiartzun irratia, Tas Tas irratia (Bilbo), Txapa irratia (Bergara), txolarre irratia (Tolosaldea), Uhinak irratia (Aiaraldea), Xiberoko Boza (Zuberoa), Xorroxin irratia (Baztan Bidasoa), Zintzilik irratia (Oreretaldea),

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak