Sahararen aldeko kanpaina abian

Edu Mendibil 2011ko abenduaren 22a

Gabonetan ohikoa bilakatu denez, Bubisher elkarteak Sahararen aldeko janari bilketari ekin dio. Aurreko urteotan bezala, egoskariak (dilistak, garbantzuak eta beste), pasta, olioa, azukrea, atun eta sardina latak, helduendako fardelak eta konpresak batzea da kanpainaren helburua. Urtarrilaren 20ra arte iraungo du kanpainak.

Herriko hainbat dendatan (Eroskin, Dian eta Super Amaran tartean) eta udaletxean egingo du bilketa Bubisher elkarteak. Sahararen subiranotasunaren aldeko elkartea 2005ean sortutakoa da.

Esan bezala, urtarrilaren 20ra arte izango da bilketa; Gabonen ostean herriko ikastetxetara joko dute, baita Elgeta zein Soraluzeko eskoletara. Era berean, Kutxan eta Euskadiko Kutxan kontuan zabaldu dituzte diru laguntza ekonomikoa eman nahi dutenendako.

20 bat lagun ari dira Bubisher elkartearen bueltan. Elkartea sortu aurretik ere herritar talde batek Sahararen aldeko janari bilketa egiten zuen Gabonen inguruan. Nubi eta Iesbaa elkarteekin batera kolaboratu izan dute Bubisherrek baina momentuan Bergarako elkartea da lanean jarraitzen duen bakarra. Iaz, Euskadiko Frente Polisarioak hartutako erabakiarekin bat egin zuten aipatutako taldeek eta Gabonetako janari bilketa udaberrira arte atzeratu zuten orduan.

Bergara, herri solidarioa
Bubisher elkarteak azpimarratu izan du betidanik laguntza handia zabala jaso izan dutela Bergaran eta hori dela eta eskerrak eman nahi dizkiete laguntza kanpainan kolaboratu izan duten guztiei. Elkartasun kanpainaren helburua zera da: Aljeriako Tindoufeko errefuxiatuen eremuetara elikagai iraunkorrak bidaltzea, haien premia handia dutelako. Ekimen solidarioarekin bat egiteko deia egin du Bubisherrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak