2010. urteko udazkenean Udalak gogoeta‐prozesu zabal bat jarri zuen abian, etorkizuneko Bergara herritarrekin batera irudikatu eta erabakitzeko helburuarekin.
Bi izan dira helburu nagusiak: alde batetik, Udalaren eguneroko kudeaketarako baliagarri izango den erreferentziazko marko sendoa izatea, epe luzerako definizio edo marko horren falta sumatzen zelako; eta, bestetik, marrazki hori herritarren parte hartzean oinarrituta egitea izan da bigarren helburua.
Horrela, espazio demokratikoak zabaltzeko eta parte‐hartzeko kultura politika hedatzeko urratsa eman nahi izan du Udalak.
Parte hartze zabala
Aurtengo udazkenetik herritarrekin hiru bilera egin dituzte eta prozesuaren emaitza aparteko dokumentu batean jaso. Prozesuan 82 lagunek hartu dute parte, erdiak gizonezkoak eta erdiak emakumezkoak. Era berean, Facebooketik 600 bat lagun izan dira prozesua jarraitu dutenak.
Horixe adierazi zuen atzo Jaione Isazelaia zinegotziak. Isazelaiak eskerrak eman zizkien parte hartu duten herritar guztiei. Era berean, udal gobernutik gonbidapena egin zieten oposizioari zein Udaleko langileei Plan estrategikoa osatzen jarraitzeko. Behin sakon aztertu ondoren, lehentasunak finkatzeko ordua iritsiko da.
Hamar ordezkari atzo
Hamar lagunek hartu zuten hitza atzo, prozesuan parte hartu duten guztien izenean. Ander Elortza, Aitzol Gandiaga, Agurtzane Elortza, Ariane Kareaga zinegotzia (Nagore Iñurrategi ordezkatuz), Nerea Mendizabal, Aitor Eraña, Jon Olivares, Ander Zangitu, Peio Garitano eta Juan Luis Gonzalez izan ziren azalpenak eman zituztenak.
Bakoitzak arlo bat jorratu zuen eta hona hemen esandakoen laburpena:
Ander Elortza: Udalgintza herritarrekin. Udala herrira gerturatu nahi da, Udaleko ateak herritarrei zabaldu, eta herriko eragile ezberdinen arteko elkarlana bideratu. Herria guztion artean eraikitzea da asmoa, eta eragile ezberdinen arteko sareak ehuntzen eta sendotzen jarraitzea. Egungo gizartearen joera indibidualistari Bergarak talde‐lanaren eta elkarlanaren bitartez erantzun nahi dio.
Aitzol Gandiaga: Gazteak. Autoeraketa Bergararen herri‐dinamikan txertatuta dago, eta horren adierazle dira herrian dauden elkarte eta talde autoeratu guztiak. Legegintzaldi honetan, batez ere gazteen autoeraketan sakondu nahi da, gazteak izango direlako etorkizuneko herritarrak eta etorkizuneko lidergoa eramango dutenak. Hori dela eta, garrantzitsua da gazte horiek Bergara biziberritzeko balioetan eta praktiketan heztea eta prozesu horren eragile aktibo bihurtzea.
Agurtzane Elortza: Iraunkortasuna. Azken urteetako garapen‐ereduak ingurumenean eragin nabarmena izan du, Bergaran ez ezik, Europako herrialde askotan: zabor asko ekoizten da, gutxi birziklatzen da eta zabortegiak gainezka daude; hondakin mota berriak sortu dira; azpiegitura erraldoiak eraikitzen ari dira; aldaketa klimatikoa... Gero eta nabariagoa da garapen‐eredu hori ezin dela epe luzera mantendu.
Proiektu honen helburua, hortaz, Bergarako natur baliabideak era arduratsuan kudeatzea da, etorkizuneko belaunaldien beharrak betetzeko gaitasuna ez sakrifikatzeko. Horretarako diseinatu zen Agenda 21 egitasmoa, eta bertan jasotakoak garatzea izango da hurrengo urteetako lana. Kontsumo arduratsua eta Zero Zabor (ahalik eta zabor kopururik handiena berrerabili eta birziklatzeko) dira helburuak.
Ariane Kareaga: Herrira begira hezi. Hezkuntza da gizarte baten oinarri garrantzitsuenetakoa eta herri‐eredu berri bat eraiki nahi badugu, ezinbestean landu beharreko eremua. Marraztutako Bergara horretarako iristeko etorkizuneko belaunaldiak balio ezberdin batzuetan hezi beharko ditugu ezinbestean.
Hori dela eta, proiektu honen helburua izango da herrian dauden ikastetxe ezberdinetako hezkuntza proiektuetan eragitea eta hezkuntza eta herriko gainerako eragileen artean elkarlanerako bideak zabaltzea. Hezkuntza‐erakundeak herriko dinamikan bizirik dauden eragile izan behar dute.
Nerea Mendizabal: Euskalduntasuna. Bergara herri euskalduna izan da historikoki, eta egun ere UEMAko herrien artean dago. Euskal nortasun hori zaindu, transmititu eta indartu nahi dute herritarrek eta horretarako ezinbestekoa da nortasun hori ondorengo belaunaldietan birsortzen jarraitzea, euskaldun izatearen motibazioak bizirik iraun dezan.
Hori da, hain zuzen ere, proiektu estrategiko honen erronka. Jakina da ezagutzak ez duela erabilera bermatzen. Euskararen ezagutza asko hedatu da azken hamarkadetan, baina ezagutzaren eta, batez ere, motibazioaren edalontziak ez daude aski beteta erabilera bermatzeko. Horri erreparatu nahi dio Euskara ahoan proiektuak, Bergara euskararen arnasgune izateko.
Aitor Eraña: Kirola. Kirola lanari loturik egon da mendez mende, eta gaur egun lan‐eredua aldatzerakoan kirola ofizio izatetik afizio izatera pasa da gehiengoaren kasuan. Proiektu estrategiko honen helburua ere kirol eragile guztien arteko artikulazioa bideratzea izango da, eta guztion artean kirolaren inguruko gogoeta zabala egitea, kirola saretzea.
Jon Olivares: Auzoak bizirik. Bergarak auzo ugari ditu bere ingurunean, eta auzoek euren dinamika propioa dute. Identitate lokal hori mantentzea eta transmititzea oso garrantzitsua da, eta horretarako urratsak ematea da proiektu honen helburua.
Auzoetan bizitza egotea nahi dute herritarrek, eta horretarako beharrezkoa da bertan aktibitate ekonomikoak egotea, aisialdirako aukerak izatea, gutxieneko zerbitzuak egotea… Auzoak dira, gainera, lehen sektorearen kokaleku eta eredu iraunkorrari begira oso garrantzitsua da sektore horren biziraupena bermatzea. Elikadura subiranotasunean sakontzea izango da iparra, bertan ekoizten dena bertan kontsumituz.
Ander Zangitu: Etxebizitza. Jabetza pribatuaren eredua da nagusi, eta horrek etxebizitzaren alorrean desoreka handiak eta espekulatzeko aukerak sortu ditu. Egun herritar askok ez dute etxea izateko aukera bermatuta. Lurralde antolamenduari dagokionez ere, lur asko okupatu dugu azken urteetan etxebizitzak eraikitzeko.
Helburua egungo biztanle kopurua mantentzea da; ez dago etxebizitza berrien premiarik erdigunean. Auzoak ez husteko, berriz, etxebizitza‐politika egoki bat garatzeko premia sumatzen da. Alokairuaren kultura sustatzeko beharra ere ikusten da.
Peio Garitano: Kulturgunea. Kulturgintza da giza‐komunitate baten erregai sinbolikoa, gizaki eta komunitatearen amets eta kezken adierazle, komunitatea kohesionatzeko elementu garrantzitsua, arimak biziberritzen dituena eta komunitatean bizi‐poza zabaltzen duena.
Proiektu honen helburua izango da egun sakabanaturik dauden kultur adierazpenak batzea, kohesionatzea, artikulatzea eta Bergarako etorkizuneko kulturgintzaren gogoeta egitea elkarrekin. Kulturgunearen proiektua izan daiteke kultur sorkuntza eta gizarteratzea dinamizatzeko gune egokia.
Juan Luis Gonzalez: Berrikuntza gunea. Arlo ekonomikoan Bergara puntako herria izan da historikoki (ehungintza, metalurgia…), baina azken hamarkadetan erreferentzia hori galtzen joan da. Bergarako ekonomia suspertzeko beharra sumatzen da. Aurrerantzean gainera, ekonomiaren dibertsifikazioa sustatu nahi da, herriko aberastasuna sektore ezberdinetatik eratortzeko.
Herriko eragile ezberdinen artean (lanbide heziketa, unibertsitatea, enpresak, sindikatuak, Udala…) berrikuntza‐gune bat sortzeko aukerak interesa piztu du herritarren artean. Dena den, berrikuntza‐gunearen proiektua definitzen hasi aurretik, herritarrek egoera ekonomikoaren azterketa sakonagoa egitea proposatzen dute. Turismoari dagokionez, Seminarioko museoa izango da proiektu izarra etorkizunari begira.
Jon Olivares: Gizarte zerbitzuak: Herrikideen ongizatea bermatzea da gizarte‐zerbitzuen egitekoa. Langintza hori areagotu egin da azken urteetan, krisia medio. Gizartearen zahartzeak erronka berrien aurrean kokatu gaitu sektore honetan ere.
Eta hori izango da segur aski gizarte‐zerbitzuen erronka nagusia aurrerantzean; nagusiek bizitza duina eraman ahal izateko zerbitzuak garatzea. Besteak beste, alor horri erantzutera dator proiektu hau.
Lanari dagokioenez, bertako enplegua sustatzea izango da helburua, herritarrek herrian bertan lan egiteko aukera izan dezaten. Bi bide nagusi atzeman ditugu: batetik, ekintzailetasuna sustatzea eta batez ere gazteak negozio berriak sortzera bultzatzea eta, bestetik, plangintza garatu ahala sortzen diren negozio berrietan bertako langileak kontratatzea.
Plangintza bera Excel dokumentu batean jaso dute. Txostena eta egitasmoaren inguruko dokumentazio guztia Udaleko webgunean eta sare sozialetan zintzilikatu dute. Aurrera begira, parte‐hartzeko bi gune egongo dira: Talde Iraunkorra (proiektu estrategikoen jarraipena egingo duena) eta proiektu konkretuen garapenerako lantaldeak.