Artabillako lehen faseko lanak asteon amaituko dituzte

Edu Mendibil 2011ko abenduaren 20a

Artabilla inguruan lanetan dihardute maiatzetik eta LKSko iturrien arabera oraingo astean amaituko dituzte hango urbanizazio lanak. Dena dela, lehen fase batean aurreikusitako lanak dira amaitzear daudenak. Eusko Jaurlaritza izan da promotorea, LKSk eraman du obra zuzendaritza eta Campezo enpresako langileek jardun dute udaberritik lanean.

Uste baino gehiago luzatu dira lanok; hasiera baten urrirako amaitzea zen asmoa.
Aurrekontua 700.000 euro ingurukoa izan da eta, besteak beste, ura, telefonoa, gasa eta saneamendua sartzeko lanak egin dituzte Candy Hoover (lehengo Mayc) eta Irizar zerrategiaren ingurutik Gabiria aldera doan bidearen inguruan. Lur eremu batzuk erosteke daude oraindik eta beraz ahal izan den tokietan egin dituzte lanok. Bidea asfaltatu eta espaloiak egin dituzte baita. Etorkizunean, Artabillan, laugarren sektorean, etxeak eta Miguel Altuna ikastetxeko eraikin berria egitea aurreikusten dira.

Miguel Altuna berriaren zain
Miguel Altunaren eraikin berriari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren proiektua dezente atzeratzen ari da, exekuzio proiektua 2007ko ekainekoa baita. Leku falta dela eta, Miguel Altuna ikastetxeak ezinbestekotzat jotzen du eraikin berria. Azken informazioen arabera, baliteke lanak 2012ko erdi aldera hastea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak