Erik Polanco eta Markel Ilzarbe, Eibar eta Elgoibarren arteko derbian

Edu Mendibil 2011ko abenduaren 19a

Bata Martokokoa, Zubiaurrekoa bestea. Mutikotan behin baino gehiagotan jokatu dute elkarrekin Markel Ilzarbek eta Erik Polancok, Labegaraietan. Zapatuko futbol neurketa gauza serioagoa zen: hirugarren mailako Elgoibar-Eibar B derbian izan ziren aurrez aurre jokalari bergararrak.

Astean zehar Tuenti bidez egon ziren elkarri zirikatzen eta egubakoitzean, derbiaren bezperan, Agorrosinen elkartu genituen. Biek ere lehenbiziko urtea dute hau hirugarren mailan. Markel Ilzarbek (21 urte) Bergaran jokatu du orain arte eta Erik Polanco (18 urte) Lezaman ibili da txikitatik, alebin mailatik hain zuzen. Aurten, ohorezko gazte mailako taldean jokatzeko aukera gutxi zuela eta, irtenbide bat topatu zuten Athleticeko zuzendaritzak, Polancok berak eta haren ordezkari Vicente Biurrunek. Eibarko gazte mailako taldera edo Elgoibarrera joateko aukera izan zuen eta hirugarren mailan jokatzeko gomendioa egin zioten. Lezama utzi aurretik, udan, lehen taldean baztertuta ziren hainbat jokalarirekin entrenatu zen hainbat aldiz. "Bielsaren laguntzaile Boninirekin entrenatzen genuen eta han ziren, besteak beste, Ustaritz, Ocio, Urko Vera edo Koikili. Aitor Ocio oso jatorra da; guregana etorri, bere burua aurkeztu eta genuen aukera aprobetxatzeko esaten zigun".

Bilbotik Elgoibarrera
Zurigorriz jokatzen jarraitzen du Polancok, Elgoibarren baina. Gustura dabil. Finkoa da Igor Gorbobilek zuzentzen duen taldean. Atzean jokatzen du, eskumako zein ezker hegalean, eta hasieratik primeran hartu zutela azpimarratzen du: "Oso giro ona dago taldean eta pena bakarra kirol emaitzekin daukat. Gorago egoteko moduko talde orekatua dugula esango nuke. Portugalete eta Beasain, goiko taldeak biak, ez ziren gu irabazteko gauza izan. Eta Barakaldon bana berdindu genuen, jokalari bat gutxiagorekin gainera. Hura izan da beharbada gure partidurik onena. Dena dela, oraindik ere liga asko falta da". 

Kalitatezko erdilaria
Markel Ilzarbe erdian jokatzen du eta Agorrosineko zaleek badute haren kalitatearen berri. Ezker zein eskuma primeran erabikltzen ditu eta badoa gero eta minutu gehiago jokatzen eibartarrekin. Dagoeneko golegile moduan ere estreinatu da: Portugaleten egin zuen taldeko gola (1-1). Hasiera baten, bi denboraldirako fitxatu du eibartarrekin. "Iaz deitu zuten Eibarretik nitaz galdezka eta aukera polita zela ikusi nuen. Hirugarren mailan jokatzeak beste exijentzia bat dauka eta aurkari benetan gogorrak daude, esperientzia handiko jokalariak. Hor gabiltza, ahal duguna ikusten". Biek ere argi daukate oso zaila dela goi mailara iristea eta asko sakrifikatu beharra dagoela. Edozelan ere, gustura dabiltza, ahal dela mutikotan bezala gozatzen.

 

Polancoren gola eta Elgoibarrendako zapatuko derbia, 2-0

Atzean geratu dira garai baten Elgoibarrek eta Eibarrek Lerunen jokatzen zituzten derbiak. Orduan euria bazen, lokatzean moldatzea ez zen gauza erraza. Orain, beste garai batzuk dira, besteak beste, belar artifizialari esker. Euripean, partidu polita jokatu zuten talde biek zapatuan Mintxetan. Elgoibarrek (19. tokian sailkapenean) zeukan puntu premia handiagoa eta beraiek eraman zuten derbia, 2-0 irabazita. Polancok egin zuen bigarren gola etxeko taldearentzat. Gol polita egin zuen bergararrak 75. minutuan; atezainaren aurrean bakarrik geratu eta ederto gurutzatu zuen baloia.
Ilzarbe eta Polanco ez dira hirugarren mailako jokalari bergarar bakarrak. Ilzarberekin batera Asis Peña ari da Eibarren; iaz Beasain taldean utzita egon ondoren, Eibarrera itzuli da Peña. Gaizka Garitano Realeko eta Eibarko jokalari ohia da entrenatzailea eta Peñak zein Ilzarbek hamaikakoan lekua izatea lortu dute. Sailkapenaren erdialdean dira, 19 punturekin. Eibarren ibilitako Jon Soto atezain bergararra Vitoria taldearekin (15 puntu, 16. sailkapenean) fitxatu du aurten. Elgoibarren, Erik Polancoz gain, Julen Aranburu bergararra dabil prestatzaile fisiko lanetan eta Antzuolako bi lagun ere badaude: Ander Arana erdilaria eta Diego Tena taldeko masajista. Jeneralean laurak joaten dira elkarrekin, auto baten, aste barruko entrena- menduetara. "Bilbon lagunak, neska eta etxekoak faltan botatzen nituen eta eskertzen da haien gertutasuna" dio Polancok. Haren lagun min Iñigo Ruiz de Galarreta eibartarrak Athleticekin debutatu zuen eguenean, Parisen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak