Euriak bustitako bergararren gustuko Napar Feria

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2011ko abenduaren 17a

Bergararren artean uztartuta dago San Antonio auzoko Gure Ametsa elkarteak, aurten 12.aldiz, antolatu duen Napar Feria; horren adierazle da zapatuko goiz-eguerdia euritsu eta haizetsuari aterkin eta berokiekin aurre eginda datozen gabonetarako otorduetarako Napar Bidea kooperatibako artisauen jakiak erostera hurbildu zen erosle kopurua.

“Eskertzekoa da aurten ere herritarrek azokari eman dioten harrera, jendeak gogoan daukan hitzordua da, zai egoten da, etxe askotako gabonetarako menuak prestatzen dira Bergaran azoka honetako produktuekin; urtero moduan, gehien saldu direnak ahatearekin lotutakoak dira: pateak; foiea eta horrelakoak” azaldu zuen Patxi Uribesalgo, Gure Ametsa elkarteko kultura batzordeko kideak.

Zeuden hamar saltokietan baina, Nafarroko artisauek ekoiztutako jaki gehiago: txorizoak, gaztaiak, turroiak eta txokolateak, batzuk aipatzearren; horiek ere estimu handiarekin dastatzen eta erosten ikusi genituen asko.

Marmitako onena, Bordatxo elkartekoa

Herriko txistularien eta Bergarako bandaren kalejirak zabaldu zuen zapatuko egitaraua eta ondoren antolatutakoen artean zeuden, herriko bederatzi elkartek parte hartu zuten gastronomia lehiaketa, aurten laugarrena eta prestatu beharrekoa, marmitakoa. Oso lapiko onak bederatzirak antza, ohi baino gehiago kostatu zitzaien-eta epai-mahaikideei irabazleak aukeratzea: Bordatxo, Umore Ona, eta Gure Ametsa, hurrenez hurren.

50 lagunen artean bazkaldu zuten lehiaketarako prestatutakoak. Mahaiaren bueltan, elkarteko kide, Nafarroako artisauak eta Alaia taldeko abeslariak. Alaiakoek bazkaldu aurretik emanaldia egin zuten eraberritutako auzoko  kaperan lehenengo eta bazkalosteko giroa berotu zuten gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak