"Bergarako trikitilariak izango dira egutegiko protagonistak; herriko txoko desberdinetan argazkiak atera ditugu. Andoni Lizarralde ibili da argazkilari lanetan eta eskerrak eman nahi dizkiogu. Dena dela, argazki zaharren bat edo beste ere tartekatuko dugu", kontatu digu batzordeko kide Aritz Alustitzak.
Trikitilarien asmoa da egutegia datorren astean ipintzea salgai. Zazpi euroren truke eskuratu ahal izango da, eta, oraindik salmenta puntuak zehazteke dauden arren, herriko hainbat komertzio eta tabernatan ipiniko dituztela iragarri dute.
Trikitilarien taldea sendotzen
2012ko egutegia batzordea martxan ipini eta lanean hasteko modu bat litzateke, baina batzordeko kideen asmoa da datorren urtean trikitiarekin lotutako hainbat ekintza egitea herrian: "Hasteko eta behin, trikitilarien afaria egingo dugu urtarrilaren 7an guztiok batzeko. Horrez gain, ideia ugari ditugu buruan: kontzertu didaktiko bat ematea, disko bat grabatzea... Argi daukagu Bergaran trikitiarekiko zaletasun handia dagoela. Musika Eskolan, esaterako, jende pila bat ari da soinua edo panderoa jotzen ikasten. Orain arte nor bere kasa ibili da. Batzordearen asmoa da guztiok elkartu eta trikitilarien taldea sendotzea".
Aritz Alustitzarekin batera beste lauzpabost lagun dabiltza batzordea martxan ipintzeko lanetan eta adierazi dute interesa duten guztien laguntza ongietorria izango dela. btbatzordea@yahoo.es e-posta da batzordearekin harremanetan ipintzeko bidea.