Toponimia mapa eta webgunea herritarren eskura jarri ditu Bergarako Udalak

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko abenduaren 15a

Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoa beteta zegoela aurkeztu zuten atzo Bergarako toponimia jasotzen duen ekimena: herriko Mapa eta Toponimia webgunea. Azken urteotako lanaren emaitza, euskara batzordetik bideratu den ikerkuntza proiektua, herriko tokien izenak modu egoki eta samurrean kontsultatzeko, papereko euskarrian eta digitalean.

Behin mapa eta webgunea herritarren eskura jarriz, Udalaren asmoa da jendearen ekarpenak jasotzea, webgune bizia egitea, proiektua dagoenetan, geldi gera ez dadin, parte hartzea bultzatzea, alegia. Hala, erabiltzaileei eskainiko zaie zuzenketak, egokitzapenak edo proposamenak egiteko aukera, argazkiak igotzekoa…

Estepan Plazaola teknikariak eta Maren Belastegi zinegotziak egin zuten aurkezpena, euskara zerbitzuko burua, bata, eta, batzordeburua, bestea.

1.000 lekuizen

Herriko paperezko mapak udalerri osoa hartzen du eta bertan 1.000 lekuizen baino gehiago ditu bi aldetan banatuta: batetik, baserri auzoen aldea eta, bestetik, hirigunea.

Eta toponimia webgunean, mapan agertutakoaz gain, beste hainbat informazio eskaintzen da: mapan sartu gabeko lekuizenak, lekuizenen gaineko azalpenak, argazkiak, mapa zaharrak eta berriak...


Paperezko maparen edukia

Mapak Bergarako udalerri osoa hartzen du eta, bertan, 1.000 lekuizen baino gehiago ditu bi aldetan banatuta:

  • Batetik, landa-eremukoan sartu dituzte: auzoak eta auzuneak; mendiak eta tontorrak, paraje nagusiak, basoak; eraikinak (baserriak, txabolak, ermitak…), errekak, iturriak…
  • Bestetik, kalekoan sartu dituzte: kaleak, monumentuak, zerbitzu eraikinak…

Mapa bakoitzean bilaketak egiteko zerrenda alfabetiko batzuk sartu dira eta bertan txertatu dira toponimoa agertzen den koadranteak. Horretaz aparte, halako mapetan izan ohi den moduan zenbait elementu ikurrekin adierazten dira eta izenak letra molde desberdinez adierazten dira elementu geografikoen arabera.

Lekuizenak lantzeko prozedura

Bilketa:

  • Iturri nagusia: Bergarako Udalak orain dela 20 urte atera zuen beka bat. Biltzaileak: Jose Ramon Jauregi, Elisabet Agirre, Jose Angel Arriaran, Andoni Larrañaga, Miren Pantxeske Azkarate eta Arantzazu Aranzabal. Alde batetik, ahozko informazioa jaso zuten (50 lagun inguru elkarrizketatu zituzten) eta, bestetik, idatzizko informazioa artxiboetan. Bilketa hartan ahozko berriemaileak izan zirenak eta euren lekukotasunen hainbat transkribapen ere Ahotsak.com webgunean daude, Udalaren enkarguz, Badiharduguk egin baitzituen. Lan hori erabili izan da aurretik ere hainbat gaitarako: kale-izenak arautzea, baserrien seinalizazioa…
  • Katastroko bilketa. 2009-2011n Udalak kontratatutako pertsonak (Xabier Arregi eta Susana Urmeneta)  herriko landalurreko katastroko partzela guztien informazioa eguneratzen ibili ziren eta une hori aprobetxatu genuen toponimia ere jasotzeko: idatzizkoa eskrituretatik eta ahozkoa jabeen ahotik.

Arautzea (normalizazioa):

  • Euskaltzaindiaren laguntza eta aholkularitza izan dute Bergarako Udaleko euskara zerbitzuan.
  • Herritarren ekarpenak. Maparen lehenengo bertsio bat jarri zen jende aurrean ikusgai eta hainbat ekarpen jaso ziren.

Maparen banaketa

6.000 ale banatuko dira. Modu honeta:

  • Zenbait lekutan zuzenean: eskola, elkarte gastronomiko..., landa eremuan baserrietara banatuko dugu, pentsatuaz, eurak direla gaia gertuenetik bizi dutenak.
  • Horretaz aparte, interesa daukan edozeinentzat eskuragarri jarriko dituzte leku hauetan: Kultura Etxea, udaletxea, Agorrosinen eta Labegaraietako kiroldegian, Pol-Polen bulegoan eta San Joxepe jubilatuen elkartean.

Toponimia webgunea: www.bergarakoeuskara.net

Paperezko mapan agertutakoaz gain, beste hainbat informazio eta aukera eskaintzen ditu:

  • Mapan sartu gabeko lekuizenak, bereziki, toponimia txikia: soroak, zelaiak...
  • Hainbat mapa: Marrazki mapa, 2008ko ortofotoa. Elementu geografikoak mapan ikusteko aukera ematen du, 2008ko ortofotoa katastroko partzelekin. Partzela bakoitzaren izenak ikusten dira, 1954ko ortofotoa. Gaur egun ez dauden eraikinak ikus litezke, adibidez.
  • Lekuizen bakoitzaren gaineko informazioa: argazkiak, hizkuntza erabilerari buruzko azalpenak, izenaren ahozko eta idatzizko lekukotasunak (testimonioak), etimologia...

Ekarpenak egiteko aukera

  • Lekuizenen gainean zuzenketak edo komentarioak eginaz.
  • Gairen baten gaineko azterketatxoa eginaz. Bakarka edo taldetxo bat osatuta. Adibidez, herriko edo auzoko iturriak, txabolak... azter litezke.
  • Argazkiak atera eta webgunera jasoaz. Orain horretarako baimena behar da, baina oso erraz eman ahal dizugu.
  • Beste edozein gairen inguruan interesa dutenek Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin jar litezke harremanetan: 943 77 91 29, euskara@bergara.net

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak