Bueltan da Lau t'erdiko afizionatuen txapelketa

Xabier Urtzelai 2011ko abenduaren 15a

Datozen hilabeteotan Bergaran batuko dira Euskal Herriko eta inguruko afizionatu mailako pilotari onenak. Aurtengo edizioak 40 pilotari izango ditu, aurreko edizioetan baino gutxiago baina normala ere bada, hasierako urteetako pilotari kopuru altuak izugarri zailtzen zuelako txapelketaren antolaketa –lehen edizioan 80 pilotari gonbidatu zituzten.

Aste barruan hasi dira lehenengo kanporaketak jokatzen, baina ibarreko ordezkariek aurrerako jokatuko dute. Hala, martitzeneko kanporaketan aurrera egin zuten Quinak (22-16), Kortaberriak (20-22) eta Bendoirok (23-22).
Bergarakoen artean, Eneko eta Ander Mugurutza final-hamaseirenetan hasiko dira jokatzen, eta Aritz Rezustak lehenago hasi beharko du torneoa; datorren martitzenean jokatuko du lehen kanporaketa, 19:00etan hasita. Beñat Rezusta, azkenik, erreserba moduan dago, torneoan egongo den hutsuneren bat betetzeko gertu. Baina Bergarakoez gain ibarreko beste pilotari bat gonbidatu dute torneora, Ibai Bolinaga arrasatearra.

Mendizabalen pausoen atzetik
Iazko torneoko irabazlearen pausoak jarraitu nahi dituzte pilotariek. Aitor Mendizabalek Etxeberri hartu zuen iaz mendean, eta Antzuolakoak dagoeneko bigarren mailako Lau t'erdiko txapelketa ere irabazi du, profesionaletan lehena. Hala, iaz torneoan final-laurdenetara sailkatu zirenek final-zortzirenetan hasiko dute aurtengo torneoa, eta aipatzekoa da, esaterako, lehenengo edizioko txapeldun Onsalo –iaz ez zen egon– Bergaran izango dugula aurten.
Hurrengo jardunaldia martitzenean jokatuko dute, diogun moduan, Aritz Rezustaren partiduaz. Norgehiagoka guztiak doan dira, eta antolatzaileak zozketak saltzen ibiliko dira, klubari laguntza ekonomikoa emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak