Goizean egindako inaugurazio ekitaldian, Taldeko eta Aldundiko ordezkari eta arduradun ezberdinez gain, Bergarako alkate ohi Jose Luis Elkoro eta Victoriano Gallastegi eta egungo alkate Jesus Elortza ere izan dira.
Iñaki Alkorta Gureak Taldeko presidenteak, Taldearen eta Bergarako herriaren arteko harreman estua azpimarratu du, hain zuzen ere. Esan du duela 40 urte Taldea sortu zenean, Bergararena izan zela bultzada nagusiena.
Alkortak gaineratu du lantegi berri honekin, aurretik zegoen tailerrean leku gehiago izatea lortu dutela, baita Taldearen ahalmena handitzea ere. Krisi garaia izan arren, horrelako inbertsioak egitearen garrantzia ere azpimarratu du Alkortak: "Egia da bezero asko ez daudela egoera onean; baina krisiari buelta ematen zaionerako garrantzitsua da prest egotea, bezeroei gure ahalmean eta lanerako borondatea eskaintzeko".
Jesus Elortza alkateak bere aldetik, esan du pozgarria eta ohore bat dela krisi garaian Bergaran lantegi hau irekitzea.
Asier Vitoria Taldeko alor teknikoaren arduradunak ere hartu du hitza eta esan du horrelako instalazioak beharrezkoak direla merkatuak zerbitzu, kalitate eta ekoizpen alorrean eskatzen dituenei behar bezalako erantzuna emateko. Gaineratu dun era berean egun 34 langile ari direla lantegi berrian, baina bertako ekoizpenak taldeko beste ehunka langilerendako dela onuragarria.
3,8 milioi euroko inbertsioa
2.000 metro koadro ditu Gureak Taldeak gaur Bergarako Telleria industriagunean inauguratu duen lantegi berriak, eta berau burutzeko, 3,8 milioi euro inbertitu dira; finantziazio guztia gainera, Taldeak berak hartu du bere gain. instalazio hauetan, Gureak Taldeak kablea prozesatzeko planta berria jarri du martxan. Produktu hau etxetresna elektrikoen sektorera eta automobilgintzara zuzenduko da.
Gaur egun Taldeak 4.000 langile baino gehiago ditu; horietatik 306, Debagoienekoak.