Udaleko Kultura Zerbitzuak kaleratutako oinarrien arabera, erakusleihoetan, establezimenduan saltzen diren ohiko artikuluak agertu beharko dira, eta, sariak emateko orduan, besteak beste, publizitate-mezuaren imajinazioa, originaltasuna, eraginkortasuna eta erakusleihoaren kalitatea hartuko ditu epaimahaiak kontuan. Gabonen ostera arte, urtarrilaren 7ra arte, erakusleihoa prestatuta izatea eskatzen zaie herriko dendariei. Era berean, gorosti, goroldio, erratz eta izei naturala apaingarri moduan ez erabiltzea eskatzen dute antolatzaileek.
Hiru sari
Kultura batzordeak, Bedelkar Bergarako merkatarien elkarteak eta Beart Bergarako arte elkarteak izendatutako pertsonek osatuko dute epaimahaia eta hiru sari banatuko dituzte: irabazleak 300 euro eta garaikurra eskuratuko ditu; bigarren sariarendako 250 euro eta garaikurra izango dira; eta, azkenik, hirugarren saria jasotzen duenak 200 euro eta garaikurra eramango ditu.
Ohikoa den moduan, sari banaketa Gabonen atarian egingo dute; epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da eta abenduaren 21ean emango da aditzera, 15:00etan, kultura etxean.