Ikusmina piztu du akademiko ospetsuen bisitak Migel Altuna Institutuan; ikasle eta irakasleek bete egin dute aretoa. Sarritan ohikoa izaten den moduan, hutsik egon da lehen ilara; baina maiz gertatu ohi denaren kontra, Migel Altunako ikasleei ez zaie batere kosta galdezka hastea. Lagun giroan joan da topaketa: Jesus Mari Ugalde kimikari bergararrak bere ikasle garaiak ekarri ditu gogora, institutu horretan bertan ardura eta lana zein garrantzitsuak diren ikasi zuela esanez. “Ugalde jauna” deitu dion ikasle bati erantzunez esan du Bergaran modu horretan norbait zuzentzen zaion lehen aldia dela; eta Pedro Miguel Etxenike fisikari eta akademiako presidenteak geroxeago aprobetxatu du esateko berak ez duela zorte hori, inor gutxi zuzentzen zaiolako beste modu baten.
Euskarari buruz
Euskaraz eta gazteleraz, jakintsuen bizitza pertsonalaren gaineko galderak egin dituzte aretoan batutakoek eta hizpide izan dituzte baita ere ingurugiroa, ozonoa, plastikoa edota gasa, eta zientziaren mugak eta ikertzeko metodologiak. Hizkuntzek eta, bereziki, euskarak ere izan dute tokia, Etxenikeri Euskararen Legea egitea tokatu zitzaiolako sailburu izan zen garaian Garaikoetxearekin. Eta euren egungo jardunarekin lotuta, esan dute ahalegintzen direla posible den kasu denetan euskaraz lan egiten, hizkuntza askotan jardun eta emaitzak ingelesez aurkeztu arren.
Gomendioa: denetik ikastea
Gai batean espezializatzea edo denetarik jakitea, zer den hobe galdetuta, Etxenike eta Ugalderen gomendioa izan da garrantzitsua dela denetik ikastea benetan zer gustatzen zaigun jakiten laguntzen duelako.
'Topaketak'
Topaketak izeneko egitasmoa Jakiundek aurtengo ikasturtean abiarazitako ekimena da, gazteekin lan egin, eztabaida sortu, zientziara hurbildu eta jakin-mina pizteko. Hainbat herritan ari da gauzatzen; Bergaran bertan, esaterako, Ipintza Institutuan egin zuten beste saio bat duela aste batzuk, herri bertako Mari Karmen Gallastegi eta Jesus Mari Ugalderekin.