Aurtengo ikasturte akademikoan, Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiak ekimen berri bat jarri du abian. Topaketak du izena ekimen honek eta hainbat herritan gauzatuko da. Akademiko ospetsuen eta hezkuntza ertaineko azken urteetako ikasleen arteko topaketak dira.
Topaketak izeneko ekitaldiotan, ikasleak Akademiako bi kiderekin elkartuko dira eta haien ibilbide profesionalari nahiz beren jakintza arlotako gaiei buruz eztabaidatuko dute. Parte hartuko duten akademikoak (jakitunak) hainbat jakintza arlotakoak izango dira: Zientzietakoak, Humanitateetakoak, Arteetakoak.
Bergarara, esan bezala, Etxenike eta Ugalde etorriko dira. Ugalde bergararra da. Biek ere elkarrekin lan egindakoak dira.
Bikaintasuna helburu
Ekimenoi, Jakiunderen egitekoen esparruan kokatzen da; hau da, "zientziak, arteak eta letrak sustatzea eta zabaltzea, kalitatearen eta bikaintasunaren bilaketan" ahalegin berezia eginez.
"Ikasleei bikaintasuna bilatzeko gogoa pertsonalki eta bertatik bertara helaraztea da Jakiundeko akademikoen xedeetako bat, zein, dudarik gabe, esperientzia guztiz mesedegarria izango baita haien trebezien garapen osorako" diote Jakiundetik.
Akademiak, ondorengoa sustatu nahi du gazteen artean: "ezagutzarekiko zaletasuna eta batez ere, norberaren argudioak azaltzerakoan zehaztasuna eta gainerakoen argudioak entzuteko eta ulertzeko jarrera egokiak".