Soraluce BKEk galdu, gaizki jokatuta (38-30)

Irati Goitia 2011ko abenduaren 11

Soraluce BKEko mutilek Gasteizko Corazonistaz-ekoen aurka neurtu behar izan zituzten indarrak atzo arratsaldean etxetik kanpora eta gaizki aritu ziren mahoneroak. Josetxo Muniategik "denboraldiko partidurik txarrera" bezala izendatu du lehia.

Muniategiaren mutilak fin hasi ziren eta partiduko lehen hogeita bost minutuetan oso ondo jokatu zuten; tartean, hamalauna berdinduta joan ziren. Baina azkenengo bost minutuek baldintzatu zuten norgehiagoka guztia. Azken unean oso gaizki ibili ziren bergararrak. Baloi asko galdu zituzten eta aurkariek ongi baino hobeto aprobetxatu zituzten mahoneroen akatsak. Bergararren hutsa, etxekoen kontraerasoa eta gola. Halakoak izan ziren azken minutuak. Horrela, sei eta hutseko partziala egin zuten gasteiztarrek.

Bigarrena ahazteko modukoa

Kolpe handiaz joan ziren atsedenaldira Muniategiren mutilak eta ez zuten lortu errekuperatzerik. Bigarren zatian gaizki ibili ziren; ez zuten partiduan kontzentratzerik lortu. Horrenbestez, jokalariek ez zuten joko onik egin eta hutsegite asko egin zituzten. Ondorioz, arrisku asko sortuz. Defentsan ere ahul ibili ziren.

Hala, gasteiztarrek erraz egin zuten markagailuan aurrera eta hamar puntuko aldea izatea ere lortu zuten. Horri ezin izan zioten aurre egin eta arerioak ihes egin zien bergararrei. Azkenean, zortzi puntuko aldeagatik galdu zuten (38-30).

Partiduaren ostean oso haserre zegoen Muniategi entrenatzailea: "Oso gaizki aritu gara. Jokalariak partidutik irtenda ibili dira. Akats asko egin ditugu eta hori aldatu beharko dugu. Izan ere, hurrengo astean norgehiagoka garrantzitsua dugu Usurbilen aurka".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak