Bergarako taia eskolako ikasleek 2010-2011 ikasturtean zehar egindako lanak ikusgai jarri dituzte Aroztegi aretoan. Erakusketa egubakoitz iluntzean zabaldu zuten eta, guztira, 22 taiagile bergararrek landutako 73 artelan daude ikusgai Barrenkaleko aretoan.
Taia eskolak antolatzen duen erakusketaren seigarren edizioa da aurtengoa eta helburua da Bergarako taiagileen lanak ezagutaraztea eta herritarrak eskolan parte hartzera animatzea.
Elkarteko presidente Manuel Gabilondok esan zuen erakusgai jarritako lanen kalitatea gora doala urtetik urtera taia eskolan landutako teknika eta jasotako esperientziari esker.
Aldiro, ikastaroetan jende gehiagok parte hartzen duela nabarmendu zuten eta, nahiz eta batek baino gehiagok ikastaroa ez bukatu, urtez urte, Bergaran egurra lantzen duen jende kopurua gorantz doala gaineratu zuten.
Bergarako taia eskolako ikasleek askotariko gai, era eta formatako lanak egin dituzte. Asentsio Esnaola irakaslearen begiradapean: ordulariak, kutxak, herriko kaleen erreprodukzioak, itsasontziak... eta baita bestelako gauza bitxiak ere: Esteban Mendikutek giza eskuaren forma duen aterkin baten heldulekua egin du, esate baterako.
Hilaren 11ra arte, zabalik
Taia erakusketa egubakoitzean zabaldu zuten eta abenduaren 11ra arte egongo da irekita. Zubia dela-eta, erakusketa aretoak ordutegi berezia izango du: gaur itxita egongo da eta bihar eta eguenean jai egunetako ordutegia izango du.
Manolo Gabilondo, presidentea
"Bi orduko klaseak izaten ditugu, baina lanera egunero joan gaitezke"
Manolo Gabilondo da Bergarako taiagile elkarteko presidentea eta eguneroko lanari buruz galdetu diogu.
Zer nolako lanak egiten dituzue?
Ordulariak, kutxak, keramika-lanak, paisaiak... egurra lantzeko teknikak erabiliz, horiekin egin daitekeen edozer gauza egiten dugu.
Noiz hasi duzue aurtengo ikastaroa?
Azaroaren 2an hasi ginen, beraz, hemen ikusgai dauden lanak aurreko ikasturtean egindakoak dira.
Eguaztenetan elkartzen zarete...
Bai, bi orduko klaseak izaten ditugu, baina egunero joan gaitezte egurra lantzera, nahi izanez gero.
Ze jende doa ikastarora?
Gehienak erretiratuak gara, baina gero eta gazte gehiago dago.
Ikasle berririk baduzue?
Bai, aurten lau ikasle berri daude. Espero dugu hurrengo urtean gurekin jarraitzea denek.