Artola eta Rezustak uste baino lan gehiago egin behar izan zuten partidua irabazteko. Hasieran samur hartu zuten aurre markagailuan eta egindako lanaren emaitza berehala ikusi zen: 19-10 aurreratu ziren.
Gorriz jantzitako bikoteak, baina, ez zuen partidu guztian erritmo bera mantentzerik izan. Hala, Jakak eta Larunbek erritmoa jarri zioten lehiari eta 19-19 berdintzea lortu zuten. Abantaila murrizterakoan sakeak berebiziko garrantzia izan zuen; izan ere, Jakak lau tanto jarraian egin zituen sake bitartez.
Bergarako pilotariari dagokionez, Rezustak lan ona egin zuen atzealdean. Sendo ibili zen eta ez zuen arazorik izan Larunbe baino gehiago izateko.
Partiduko azkeneko hiru tantoak Artola eta Rezustarendako izan ziren. 22-19 irabazi zuten eta promesa mailako finala jokatuko dute Zumarragan datorren hilaren 25ean.