Bergara eta Realak jokatzeaz gain, Eibar eta UDA taldeek ere norgehiagokan parte hartuko dute urtarrilean. Lehenengo hitzordua Bergararen eta Realaren artekoa izango da eta hilaren 4an Eibarrek eta UDAk elkarren aurka jokatuko dute. Bi partiduak Ipintzan jokatuok dira, 17:00etan. Finala aldiz, hilaren 5ean, Agorrosinen jokatuko da 16:00etatik aurrera.
Manu Diaz Bergarako entranatzailearen esanetan, "ahalik eta ikuskizun politena" ematen saiatuko dira bergararrak. "Argi dago nork bere mailan jokatzen duela eta Reala, UDA eta Eibar gu baino maila altuagoa duten taldeak direla. Dena dela, gu ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara".
Orain arteko txapelketak nola joan diren ikusita, hitzordua "interesgarria" izango dela aurreratu du. "UDA eta Eibarren arteko partidua estu egongo da. Bergara eta Realaren artean desoreka egon badago ere, ilusioz jokatuko dugu".
Dena dela, denaren gainetik Realeko gazteak berton ikustea pozgarria dela dio. "Gero gazte horietako batzuk nagusietan jokatuko dute eta polita da orain gure kontra jokatzeko aukera edukitzea".
Aurtengo urtea, "oparoa"
Azken partiduetan bergararrek emaitza onak lortu ez badituzte ere, 31 punturekin oraindik orain lehenengo postuan doaz Manu Diazen mutilak; Aloñak 25 punturekin atzetik jarraitzen dio. Orain artekoak jasota, bergararrek Realaren aurka "gogor eta ilusioz" jokatuko dutela iragarri dute. "Aurten urte oparoa eduki dugu eta horri eusten saiatuko gara", gaineratu du Diazek.