Egun osoko egitaraua Euskararen Egunerako

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko abenduaren 2a

Badakizu, erabili! lelopean egun osoko egitaraua antolatu dute biharko, zapaturako, Euskararen Eguna, Udalak eta herriko hainbat elkartek elkarlanean.

Egitarau polita antolatu dute –ikus beheko taula– eta goizetik gauera arte euskal giroa nagusitzea da euren asmoa. Hitz gurutzatuen lehiaketarekin irekiko dute egitaraua, eta, dagoeneko izen-ematea itxita badago ere, nagusien taldean norbaitek parte hartzeko interesa izango balu, aukera izango duela aurreratu dute antolatzaileek.

Eguerdiko bazkariari dagokionez, bertan behera geratu da txartel gutxi saldu direlako. Txartela erosita zutenei kultura etxean bueltatuko diete dirua. Bazkalosterako iragarrita zegoen Erregea eta bufoia ikuskizuna ere atzeratu egin dute datorren urteko kultura agendara.

Osintxun ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte biharko: 11:30ean, mural erraldoia margotuko dute; 13:00etan, triki poteoa egingo dute; 16:30ean, umeendako jolasak; 17:30ean, txokolate jana; eta 19:30ean, triki poteoa.

Udalaren konpromisoa

Astelehenean ohiko osoko bilkura izan zen eta Euskararen Egunari buruzko Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zuen udalbatzak, Gobernu taldearen eta EAJren aldeko botoekin eta PSE-EEren kontrakoarekin.

Mozioaren arabera, beharrezkoa da "gaurtik herrian euskarazko elebitasuna praktikan jartzea" eta norabide horretan Udalak hainbat konpromiso hartu ditu.

Hori horrela, konprometitu da bere esku dagoen guztia egitera bere zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten langileen euskalduntzea bultzatzeko eta bermatzeko. Baita langile horien lehen hitza beti euskaraz izan dadin ere.

Era berean, Udaleko barne funtzionamendua euskaraz izan dadin ere bere esku dagoen guztia egitera konprometitu da. Horrez gain, herriko euskal komunitateak dituen hizkuntza eskubide indibidual eta kolektiboak bermatze aldera, herrian eta arlo desberdinetan euskaraz bizitzeko eskubidea helburu duen plangintza integrala garatzeko konpromisoa hartu du.

PSE-EEko zinegotziak azaldu zuenez, eurek ere ospatuko dute Euskararen Eguna, konbentzituta daudelako "hizkuntza aniztasunak elkarbizitzan eta gizartearen kohesioan izan ditzakeen onurez".

Egitaraua (zapatua, 3):

11:30 Hitz gurutzatuen lehiaketa San Martin plazan.
11:30 Euskara eta teknologia berriak saioa San Martin plazan.
18:00 Taun-Taun taldearen Txio-Txioka antzezlana 4 eta 10 urte bitarteko umeentzako Zabalotegin. Sarrera 3 euro da.
19:00 Euskarazko kantuen kantu-jira San Martin plazatik irtenda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak