Zabalako fatxada berreskuratuko dute Erret Mintegirako

Edu Mendibil 2011ko abenduaren 1a

Udalak Zabala etxeko fatxada berreskuratuko duela aurreratu zuen Jesus Elortza alkateak egubakoitzean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak udaletxean ospatutako ikasturte hasiera ekitaldian. Ibilbide luzea eta bitxia izan du XVIII. mendeko fatxadak.

Kimikaren Nazioarteko Urtea da amaitzera doana eta Bidekurutzeta kaleko 14. zenbakian kokatuta zegoen Zabala etxeak garrantzi handia izan du kimikaren historian. Laboratorium Chemichum delakoa zegoen han XVIII. mendean eta Juan  Jose eta Fausto Elhuyar anaiek wolframioa bakartu zuten 1783. urtean Bergaran.

Bergaratik Donostiara

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen garai oparoenen ostean, XX. mendean gainbehera etorri zen eta Zabala etxea 1919an bota zuten. Ondoren, Luis Egaña zirujau donostiarrak eraman zuen bere etxera, Gros auzoan zegoen Maldonado izeneko txaletera hain zuzen.

Txaleta eraitsi zutenean, 1970eko hamarkadan, Zabala etxeko Berpizkunde garaiko fatxada dotorea galtzeko zorian egon zen eta erabakigarria izan zen Jose Antonio Zabala Bergarako alkate zenak hura berreskuratzeko egindako lana.

Jose Maria Urkia EAEko presidenteak egubakoitzean aitortu zuenez, Imanol Olaizola garai hartako diputatuak eta Zabalak lan eskergarria egin zuten fatxada salbatzeko. Manuel Urkola arkitektoaren laguntzaz fatxadaren kalifikazioa egin zuen Olaizolak eta 1980. urtean Zabalak fatxada berreskuratzeko eskaria egin zuen. Fatxadako harriak ondo gordeta daude gaur egun Udaleko biltegi baten.

Dirulaguntzen zain

Etorkizunean Erret Mintegian kokatuko den liburutegiko sarrera apaintzeko erabiliko dute fatxadako portada (argazkian). Oraindik ez dago proiektua gauzatzeko datarik ezta aurrekonturik ere. Edozein modutan, Elortza alkateak Diputazioari zein EAEri proiektuan parte hartzeko gonbitea luzatu zien egubakoitzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak