Arrizuriaga parkearen segurtasun faltaz kexu dira jeltzaleak

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko abenduaren 1a

Arrizuriaga parkearen segurtasun faltaz kexu dira jeltzaleak eta eskatu diote gobernu taldeari "egin dezala beharrezko txosten teknikoa eta zabal dezala parkea segurtasun baldintzetan". Mozioa aurkeztu zuten asteleheneko Osokoan, gaia eztabaidatzeko.

Arrizuriaga parkearekin lotutako mozioa aurkeztu zuen asteleheneko osoko bilkuran EAJk, baina ez zuen aurrera egin –Gobernu taldeak eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten–. Gobernu taldeari eskari bat egiteko mozioa zen: "Egin dezala beharrezko txosten teknikoa eta zabal dezala Arrizuriagako parkea segurtasun baldintzetan, horretarako aurreikusita zegoen diru partida erabiliaz".

Izan ere, EAJk azaldu zuenez, "parkearen inguruko etxeak egin zituzten promotoreekin lortutako akordioaren ondorioz, 300.000 euro eskuratu zituen Udalak behar bezalako proiektua egin eta parkea kondiziotan zabaltzeko". Eta hau gehitu zuen: "Hala ere, abuztuan parkea zabaldu egin zen, eta, udaletxean galdetu dugun arren, ez dakigu diru hori non dagoen, eta, horren ordez, 40.000 euro gastatu ditu Udalak parkea baldintza desegokitan zabaltzeko".

Hori dela eta, "parkea inolako txosten teknikorik gabe" zabaldu dela eta "ez dituela herritarrendako  eta, batez ere, haurrendako segurtasun neurriak betetzen" salatu zuten. Bestalde, parkeko "puntu beltzen gaineko azterketa eginda" dutela gehitu zuten. Horren haritik, herritarren "kexu asko" jaso dituztela azaldu zuten.  

Alkatearen erantzuna

Bada, Elortza alkateak bilkuran azaldu zuen egindako lanek segurtasun irizpideak betetzen dituztela teknikarien txostenen arabera, eta gehitu zuen ez direla lan sakonagoak egin, permuta egiten denean UNED Arrizuriaga etxean kokatzeko obrak egin beharko direlako, eta, ondorioz, parkea apurtu. Udaletxean kexurik jaso ez dela gehitu zuen, eta herritarrei eskatu zien kexurik izanez gero, helarazteko. Horren harira eskatu zien EAJkoei kexuak jasotzean Udalera helarazteko, "batik bat hain kezkatua egonda".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak