Gure artean oraindik ezezaguna bada ere, poliki-poliki bere lekutxoa hartzen ari da egileek "artisau-garagardoa" definitzen dutena. Bereziki Nafarroan saltzen da Naparbier orain arte eta Debagoienera ez da oraindik iritsi. Gertuen, Urretxun (Motz eta Kortaberri tabernetan hain zuzen) eta Gasteizen dastatzeko aukera dugula diosku Aiastuik: "Aurten 100.000 litro ekoiztu ditugu eta zaila da leku guztietara heltzea baina gauzak bide onetik badoaz 200.000 litro egitera iritsi nahi dugu. Kontuan izan behar da garagardo industrialek astebete inguruko fermentazioa daukatela eta gureak, aldiz, 28-30 egun behar dituela".
Komertzial lanetan
Lizarratik oso gertu, Barindano herrian bizi da Txerra duela bost bat urtetik eta aurretik garagardo munduan esperientzia izandakoa da. Hain zuzen ere, zazpi urte egin zituen Mahou enpresarako komertzial lanetan. Behin Nafarroan bizitzen zebilela, Naparbier abian jarri zutenak ezagutu zituen eta bera ere kooperatibako bazkide bihurtu zen: "Orain bi urte hasi ginen eta oso proiektu interesgarria iruditu zitzaidan hasieratik. Apustu zintzoa, jatorra eta potroekin egindako dela esango nuke; langabezian geratu ondoren, euren aspaldiko zaletasunari eutsi zioten nire bazkideek. Izan ere, Josuk eta Juanek 2005etik garagardoa egiten zuen azken honen etxean. Lan gabe geratu eta zortea probatzera animatu zien. Eta hemen gaude, oraingoz behintzat aurrera egiten eta etorkizunari aurre egiteko ilusioz beteta", dio Aiastuik. Komertzial lanetan jarraitzen du Txerrak eta Iruñea inguruan ibiltzen da batik bat.
Hiru garagardo mota
Argi eta garbi definitzen du bergararrak egiten duten garagardoa: "Potentea, naturala eta kalitate handikoa. Ez dago beste halakorik hemen". Gaur egun hiru garagardo mota egiten dituzte: pilsa, dunkela (ilunena, Alemania jatorria duena) eta amber ale deiturikoa (gorrixka eta estilo berezikoa Aiastuiren hitzetan): "azken baten, ura, garagarra eta lupuloa dira garagardoaren osagai nagusiak eta nagusiki horien konbinaziotik datoz garagardo mota ezberdinak". Garagardoa zerekin konbinatzen duen ondoen galdetu diogu baita Aiasturi: "Pilsa adibidez arrainarekin fenomeno sartzen da; dunkela haragiarekin, ondo: eta amber ale garagardoa patxada handiagoz gozatzeko egokia da, pintxo berezi batekin konbinatzeko aproposa, zergatik ez: urdaiazpiko on bat, foie piska bat... horrelako gutiziaren bat".
Konpetentzia handia
Garagardoen artean konpetentzia handia da eta ez da erraza merkatuan lekutxo bat izatea: "Produktu segurua da garagardoa, alkoholdun edari merkeenetakoa delako. Baina marka handien aurka konpetentzia ez da batere erraza. Gure abantaila zera da: kalitate dezente gehiagorekin goazela tabernari eta bezeroengana. Horrek produktuaren garestitzea dakar, noski. Halere, produkzioa handitzekotan, gure prezioak erregulatzeko, jaisteko aukera emango liguke horrek. Momentuz, gustura gabiltza abentura zoragarri honetan murgilduta". Zerbeza zaleek badute beraz aukera berri bat eskura, ahora: Nafarroako garagardoa.