Euskal presoen eskubideen aldeko mozioa onartu zuen udalbatzak astelehenean egindako osoko bilkuran. Gobernu taldearen aldeko botoekin, eta EAJ eta PSE-EEren kontrakoekin onartu zuten.
Mozioak dioenez, "une historikoa bizi dugu Euskal Herrian eta munduan eman diren beste prozesu politikoetan bezala, hemen ere preso politikoen errealitateari konponbidea eman behar zaio". Testuinguru horretan, bost puntuko mozioa onartu zuen udalbatzak. Batetik, "euskal preso politikoen eskubideen errespetua" eskatu dute; hala nola, "dispertsioaren amaiera eta preso guztien Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea eta zigorra beteta dituztenak askatzea". Bestetik, urtarrilaren 7an Bilbon presoen eskubideen alde egingo den manifestazioarekin bat egin dute eta herritarrei dei egin diete parte har dezaten. Mobilizazio horren harira, abenduaren 16an baraua egitea ere onartu zuten eta baita 12:00etan elkarretaratzea ere.
EAJk mozio alternatiboa
EAJk mozio alternatiboa aurkeztu zuen, "Bildurena motz" ikusten zutelako, nahiz eta ez zuen aurrera egin. Gobernu taldearen eta PSE-EEren ezezko 11 boto eta EAJren baiezko lau jaso zituen.
EAJren hiru puntuko mozioaren arabera, aintzat hartzen dute ETAk armak laga izana; bestetik, uste dute "beharrezkoa izango dela adiskidetzean, aitorpenean, konpontsazioan eta biktima guztien laguntzan aurreratzea, sortutako mina aitortuz eta pertsonen eta gizartearen zauriak sendatzen lagunduz" eta euskal presoen urraketen aurrean, Eusko Legebiltzarrak 2006ko urriaren 6an euskal presoen eskubideen defentsarako konpromisoari buruz onartutakoa berresten dute.
Mozio horri erantzunez, Maren Belastegi Bilduko zinegotziak zera esan zuen: "Urtarrilaren 7ko mobilizazioa inflexio puntua da eta zuen mozioan ez duzue aipatu ere egiten. Egun garrantzitsua da aurrea begira. Zuen mozioa da hankamotz dagoena".
PSE-EE mozioaren kontra
Alderdi sozialistako zinegotziak ezezko botoa arrazoitzeko orduan zera esan zuen, besteak beste: "Ezezkoa bozkatu dugu, Zuzenbide Estatuak behin eta berriz egin dtiuelako proposamenak presoak birgizarteratzeko. ETA izan da presoei birgizarteratzeko ekimenak debekatu diena. Horregatik, espero dugu garai berri honetan posible izango dela espetxe politika irekiagoa eta askeagoa, afektatu guztiendako".
Ezker abertzaleari ere zuzendu zitzaion: "Ezker abertzaleak onartu egin behar du gertatutakoaren egia, harekin bat egin duelako, justifikatu egin duelako eta lagundu. Horrekin batera, biktimei eragindako mina onartu egin behar du eta pasa den denboragatik dagokion erantzukizuna asumitu. Bestalde, ezker abertzaleak onartu egin behar du, era berean, pluraltasun politikoa eta euskal gizartean dagoen identitateen aniztasuna. Eta laga egin behar du orain arte izan duen ideia totalitario hori".
Herritarren erreakzioak
Osoko bilkuren aretoan zeuden herritarretako bik galderak ere egin zizkieten EAJko eta PSE-EEko ordezkariei presoen gaiaren harir.: Herritarretako batek EAJko ordezkariei galdetu zien ea presoen eskubideegan pentsatu zuen EAJk dipertsoa onartu zuenean eta PSE-EEko zinegotziari galdetu zion ea GALarenak biktimak diren ala ez.
Bigarren herritarra alderdi sozialistako zinegotziari zuzendu zitzaion eta galdetu zion ea motxila banaketa egitean, ETAri eta ezker abertzaleari bana ematearekin batera eurei zegokiena ere hartu zuten.