Partidu osoan zehar atzetik ibili da Muguruza eta amaiera aldera aldea bi tantora murriztea lortu badu ere (17-19) Usurbil aldera joan da txapela. Merezita jantzi du Aranaldek.
Txapelketan zehar Ander eta Eneko Muguruza izan dira Bergarako ordezkariak banakako senior mailako txapelketan. Hiruna partidu jokatu dituzte ligan zehar eta finalerdian zein finalean Eneko izan dira kantxara atera dena. Finalerdian Elgetako Ozkarbi taldeko Atxotegiri 22-9 irabazi eta gero, Muguruza faborito zirudien gaurko finalerako.
Zenbait eskuinkada ederrak eman bazituen ere, gaurkoa ez da izan bere eguna. Nerbioei eusten jakin beharko du hurrengoan. Ziurrenik, etxean, lagunen aurrean jokatzeak ere ez zion mesederik egingo gaur. Reyes Azkoitia entrenatzailea Muguruzari animoak ematen zizkion bukaeran, aulkian, aurkari zailena gaur nerbioak izan dituela aitortuz.
"Nire sakearekin gutxitan asmatu eta aurkariarena eraman ezinda ibili naiz"
Finala bukatu eta zenbait minutu egin ditu kantxan, aulkian burumakur, Muguruzak (24 urte). Partiduan gertatutakoa burutik kendu ezinik, gutxitan gozatzea izan zuela aitortu zigun.
Ez duzu zure jokoa egiterik izan...
Ez, sakeak eramanda ezinda ibili naiz eta nire sakearekin ere gutxitan asmatu dut. Bergaran finala ezinda, banuen ilusioa irabazteko baina ezin izan dut nerbioak gainditu.
Orain, zer?
Lau t´erdiko Soraluce txapelketa abenduan hasiko da eta Gabon Sarirako ere ilusioa daukat. Iaz Ander lehengusuari irabazi nion finala... Ea aurten zer gertatzen den... Bestalde, Espainiako Txapelketan ere lehiatuko naiz, Quintanar de la Sierra-ko taldearekin.
Zelan ba hori?
Gipuzkoak ez du parte hartzen eta Burgosko Quintanar de la Sierrako taldekoek deitu ninduten, ea beraiekin jokatuko nuen galdetzen. Gure taldean baimena eskatu eta aurrera egiteko esan zidaten. Badaukat ilusioa. Ikusi behar noraino heltzen garen.
Debarroko txapelketa Bergarak antolatzen du aurten.
Bai. Finalak jaien inguruan dira eta hor ere baditugu esperantzak jarrita.