Bihar hasi eta abenduaren 11ra bitartean Molekula artean izenburuko erakusketa egongo da ikusgai Bergarako Udaleko pleno aretoan. Erakusketa bisitatzeko ordutegia ondorengoa izango da: astegunetan 09:00etatik 14:00etara eta 18:30etatik 20:30etara; eta asteburuan, 12:00etatik 14:00etara.
2011, Kimikaren Nazioarteko Urtea
2011. urtea kimikaren Nazioarteko Urtea izendatu dute Nazio Batuek. Izendapen horrekin,
kimikak gure gizartean duen garrantzia goraipatu nahi dute. Nazio Batuen Erakundearen 2008ko abenduko Asanblada Orokorreko bileran erabaki zen 2011. urtea Kimikaren Nazioarteko Urtea izendatzea, zientzia honek gizadiaren ongizatean egindako ekarpenaz jendea kontzientziatu dadin. Ekimen honek sustatzaileak UNESCOko Zuzendaritza Kontseilua eta Kimika Puru eta Aplikaturako Nazioarteko Batasuna (IUPAC) izan dira. 2011. urtean, gainera, Marie Curieren Nobel Sariaren mendeurrena ospatzen da.
Zientziaren alor honek bizi-kalitatearen hobekuntzan duen eragina aditzera emateko sortu da ekimen hau. Kimikak, inguratzen gaituen materia ulertzen eta eraldatzen laguntzen baitigu. Eguneroko bizitzan erabiltzen diren produktu oro ekoitzi daitezke kimikaren bidez, botikak eta erregaiak barne. Gizadiaren garapena jasangarria gerta dadin ezinbesteko zientzia bihurtu da kimika. Hala da, kimikaren eremuan egiten den ikerkuntza ezinbestekoa da, besteak beste, jakien ekoizpenean, osasunaren bermean, garraioaren arazoan, eta bizi-kalitatearen hobekuntzan sor daitezken arazoak konpontzeko.
Bada, hori guztia aintzat hartuta antolatu dute erakusketa.
Panelak eta unitate didaktikoak
Molekula artean erakusketa CSIC erakundeak prestatutako materialean oinarritzen da, 22 panelez osatutakoa. Panel hauez gain, unitate didaktikoak eskaintzen dira, erakusketaren edukia sakontzen lagunduko dutenak, hau da, erakusketako panelak eta unitate didaktikoak bateragarriak izango dira. Unitate didaktiko hauek DBH eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleei zuzendutakoa dira, beraz, oso eskaintza interesgarria izan daiteke ikastetxeentzako. Halaber, molekulen munduan bakarka, lagunekin edo familian murgildu nahi dutenentzako auto-gida gisa erabili daitezke unitate didaktiko hauek.
Objektuak ere bai, panelen osagarri
Panelez gain hainbat objektu ere izango ditugu ikusgai, panelen osagarriak izango direnak. Ikusgai izango den materiala Bergarako ikastetxeetako laborategietatik eta Mondragon Unibertsitatetik ekarritakoa izango dira, aurreko astean hitzaldia eskaini zuen Amaia Zurutuza (Graphenea enpresako zuzendari zentifikoa) kimikari bergararrak eskainiko duen grafeno laginaz osatutakoa ere ikusgai egongo da.
Amaitzeko, astebururo Ikasleek egindako esperimentuak ere ikusi ahal izango dira erakusketan
bertan. Honela kimikaren inguruan inolako ezagutzarik ez duenak, kimika bizitzaren bizitzaren
alor askotan dagoela frogatuko dute.