Txalaparta hotsez egin zioten ongi-etorria Lazkanori Muniben. Emozioa nabaria zen haren aurpegian zein familiakoak eta lagunen artean. Iñigo Arregik egin zituen aurkezpen lanak. Kartzelan emandako urteetan preso politikoen aldarrikapenak zein herriaren askatasun gogoa zutik mantentzea eskertu zion Arregik Lazkanori. Eta Euskal Herrian gatazka politikoa gainditu eta bake eta normalizaziora bidean, preso eta errefuxiatuen etxeratzea ("Kanto"-rena tartean) aldarrikatu zituen baita.
Oraindik ere Jose Luis Elkorok sufritzen duen egoera salatu ondoren, Lazkanori Bertolt Brecht idazle alemanaren aipu famatu bat eskaini zion Arregik: "Batzuk behin borrokatzen dute eta onak dira; beste batzuk urteetan borrokatzen dute, eta hobeagoak dira; eta bizitza guztian borrokatzen dutenak ere badira: ezinbestekoak dira horiek".
Ohikoa denez, kaleratutako azken preso bergararrak, Antxon Sasiainek jantzi zion txapela Lazkanori atzo. Erabat hunkituta, eskerrak eman zizkien Lazkanok urte hauetan guztietan laguntza eskaini dioten guztiei: "Lagun baten gorantziak jasotzea ere las hostia da kartzelan...".
Era berean, oraindik espetxean dauden preso eta iheslariak gogoan izan zituen eta epe motzean denak etxean, kalean izateko premia azpimarratu zuen. Eta, azkenik, epe ertainera Euskal Herriak independentzia lortzeko itxaropena azaldu zuen Lazkanok.
Ekitaldiari amaiera emateko, ongi-etorrian batutako herritarrek Eusko gudariak abestu zuten. Ondoren, luntxa izan zen Muniben jarritako karpan. Herritar mordoa batu ziren atzoko ongi-etorrian.