Herritar talde baten ekimenez egin zuten iaz lehenengo aldiz Mokolo Eguna, eta, izandako arrakasta ikusita, aurten berriro egitea erabaki dute. Aldaketak, baina, ugariak izango dira.
Egun osoko egitaraua
Aldaketa nabarmenena egitarauan dago; izan ere, iaz iluntzean eta gauean pilatu ziren ekintzak; aurten, aldiz, goizean goiz ekingo diote egunari.
Egitaraua adin guztietako jendeari dago zuzenduta, eta, hala, umeen jokoekin hasiko dute eguna. Mokoloen ekitaldia izango da eguerdian, eta bertan zer egingo duten galdetuta, sorpresa izango dela iragarri dute. 14:30ean, eta Euskal Herrian otordurik gabeko jairik egiten ez dakigun seinale, mokolo bazkaria egingo dute.
Iluntze eta gaur partean, musika doinuak izango dira nagusi; arratsaldean Bad Sound System taldearekin eta gauean Azpeitiko Garraxika taldearen rockarekin eta Dantzadiren berbenarekin. Jaiak etenaldia egingo du 19:00etan; ordu horretan, Korrikan presoen argazkiak eroateagatik inputatuta dauden sei debagoiendarrei babesa emateko Elkartasun Antxintxika egingo dute.
Ekintzak, Munibe plazan
Baina aurtengo Mokolo Egunak izango du aurrekoarekiko beste berrikuntzarik: iaz ekintza guztiak gaztetxean egin ziren, baina aurten kokaleku berria izango dute: Munibe plaza.
Plazan, gainera, karpa bat jarriko dute, eta hantxe egingo dira ekintza guztiak. Era berean, egun osoan irekita egongo den taberna ere jarriko dute karpan bertan. Bada, euria egin edo ez, aurten bustitzekotan, barrutik bakarrik bustiko dira mokoloak.
Bazkarirako 200 txartel
Egitaraua
11:30: Umeendako jokoak.
12:00: Mokolo ekitaldia eta jarraian triki-poteoa.
14:30: Mokolo bazkaria.
18:00: Bad Sound System eta ondoren poteo-txaranga.
23:00: Kontzertuak Garraxika eta Dantzadi taldeen eskutik.