500 bergarar etxebizitza premian

Irati Goitia 2011ko azaroaren 24a

500 bergarar omen daude etxebizitza premian. Horixe da AZTIKER soziologia ikerguneak eginiko azterketatik ateratako ondorioetako bat. Etxebizitzen egoerari buruzko bi ikerketa egin ditu AZTIKERek Bergarako Udalaren ekimenez. Batetik, etxebizitza-premiak neurtu dituzte, eta, bestetik, zenbat etxebizitza huts dauden.

2010. urte amaieran, premia eta eskaeraren gaineko ikerketa  egin zuten eta 2011. urteko maiatzean, etxe hutsen gainekoa. AZTIKER soziologia ikerguneak egin ditu azterketok, Bergarako Udalaren ekimenez.

Jesus Elortza alkateak adierazi du azterketekin lortu gura nahi izan dela: “Alde batetik, bergararron etxebizitza premiak ezagutzea eta, aldi berean, dagoen eskaera ezagutzea; eta, beste alde batetik, Bergaran dagoen etxebizitza hutsen kopurua eta kokapena ezagutzea”.

500 bergarar etxebizitza premian

Etxebizitza premia eta eskaeraren ikerketaren arabera, 500 bergarar inguru dira lehenengo etxebizitzaren premia dutenak. Eta duten behar horren larritasun maila handia dela zehazten da. Bestalde, ezaugarriei dagokienean, bi gelako etxebizitzak dira gehien eskatzen direnak eta kokapenari dagokionez, balorazio onenak jaso dituzten auzoak izan dira: Bolu, San Lorentzo eta erdigunea. Azterketak zehazten du etxea erosterako orduan, %70ak ezingo lukeela 210.000 euro baino gehiago ordaindu.

300 etxebizitzatik gora hutsik

Etxe hutsen azterketari dagokionez, AZTIKERek egin duen ikerketaren arabera, 334 etxebizitza daude hutsik. Hala ere, zehaztu dute horiek direla beraiek zehaztasun osoz identifikatu dituztenak, eta gehiago direla hutsik daudenak. Gehienak erdigunean daude eta 68 landa eremuan.

Horrenbestez, azterketan ondorioztatzen da: etxebizitza premia asetzeko baino, etxebizitza huts gehiago daudela. Beraz, Asier Etxenike AZTIKEReko teknikariaren arabera, ez litzateke gehiago eraiki behar, dauden beharrak asetzeko, etxebizitzekin beste politika batzuk bideratu beharko liratekeela uste du.

Bergararren %64,3aren iritziz, etxebizitzarena da herriak duen arazorik larriena edo larrienetakoa. Jesus Elortza alkateak adierazi du Udalak hausnarketa egingo duela jaso dituen emaitzekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak