Gaur eta bihar egingo da euskarazko liburuen truke azoka

Julen Iriondo 2011ko azaroaren 25a

Bigarren urtez antolatu du aurten Jardunek euskarazko liburuen truke azoka. Azaroaren 7tik atzo, eguena, bitartean egon da aukera liburuak euskara elkartearen egoitzara eramateko, eta hala egin dutenek modua izango dute, gaur biharretan, eman beste ale hartzeko.

Ekimenaren bigarren aldi honetan liburu asko jaso dituztela adierazi dute Jardunetik, "iaz baino gehiago, esango nuke", zioen oraindik eramateko epea amaitu gabe zela Nerea Mendizabal euskara elkarteko kideak: "Haurrendako eta gazteendako liburuak asko jaso ditugu, helduendako lanak gutxiago", zehaztu zigun Mendizabalek.
Gainera, jendeak ez omen du liburu bat edo bi eraman; asko izan ei dira kopuru politean utzi dituztenak, "baita hogeikoak ere, bat baino gehiago". Batzuek, hortaz, etxeko liburutegia berritzeko aprobetxatuko dute azoka.

Jasotako liburu kopurua ikusita azoka polita aterako delakoan daude Jardunen. "Mugimendua egongo da", ziurtatu digute. Iazko esperientzia ikusita, komeni lehenengo orduan agertzea plazako arkupetako postuetan, jendearen gogokoen izan ohi diren lanak agudo agortu baitziren.
Jasotako liburuak adinka hiru multzotan sailkatu dituzte Jardunekoek, eta parte-hartzaileek utzitako lanari dagokion multzo bereko liburua hartu ahal izango dute trukean. Bildumak liburu bakartzat joko dira, eta mahaietan ez da sexu bereizketarik edo indarkeriaren aldeko jarrerarik erakusten duen lanik egongo.
Azokako ordutegia ondorengoa izango da: gaur, egubakoitza, 18:00etatik 20:00etara eta bihar 11:00etatik 13:00etara. Jardun euskara elkartearen ekimenaren helburua da euskarazko liburuen irakurketa bultzatzea, lanen berrerabilpenaren bitartez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak