Afizionatu mailara salto egingo duten Hodei Orobengoa, Mikel Aristi eta Eneko Lizarralde gonbidatu zituzten afarira –maila txikietako ziklistek ez dute afarira joaterik, adin horretara iritsi arte– eta tripa beteta zutenean –ederra zegoen okela– Iñigo Chaurreau ziklista ohiaren galderei erantzun behar izan zien –Polti, Euskaltel eta AG2r taldeetan ibili zen ziklistak egiten ditu, urtero, afari ostean kazetari lanak. Ez eurek bakarrik, baita Juanma Garate (Rabobank) eta Markel Irizarrek ere (RadioShack). Iazko urteaz alderatuta Iban Velascoren, Patxi Vilaren eta Mikel Praderaren hutsuneak igarri ziren, baita Odriozolarena ere, baina beste konpromiso batzuk tarteko ezin izan zuten afarian egon.
Gazteek azpimarratu zuten deseatzen daudela kategoria berrian ziklismora salto egiteko, nahiz eta ondo dakiten urte gogorra izango dutela. Juanma Garatek aurten izandako urte txarrak utzitako zapore gaziaz egin zuen berba, Tourra bereziki ondo prestatu zuelako, baina hasierako etapetan erori eta bertan behera utzi behar izan zuelako proba. Hala, Rabobank taldeaz kontratua beste bi urterako berritu zuela adierazi zuen. Irizarrek, berriz, talde amerikarrean oso gustura dagoela azaldu zuen, Andaluziako Itzulian andaluziarrek bikain zaindu zutela eta aurtengo oroitzapen ona duela. Larritu zen, baina, oñatiarra, Chaurreauk esan zionean twitter-en Bruyneel-ek esan berri zuela Oñatikoaren eginbeharretako bat Schleck-i erlojupekoan hobetzen laguntzea izango zela. Segundo batzuez Irizarrek oso-osorik sinistu zuen Chaurreauk esandakoa, ziklismo-zaleen gozamenerako.
Omenaldietarako tartea ere izan zen, eta Lokatzako arduradunek taldeko masajista Javier Casanellas omendu nahi izan zuten, Larrañagak adierazi moduan, klubak aurrera egin dezan jende askoren lana dagoelako atzean. Eta, Juanma Garatek ere oparia ekarri zien Bergarako txirrindu-zaleei, taldeko mailota.