Joan zen barikuan gertatu zen, Zornotzan. 18:45ak bueltan 6 urteko umea eta bere ama autoa aparkatuta zegoen lekurantz abiatu ziren, etxerantz joateko asmoarekin. "Autoranzko bidean beti jolasten joaten gara; bera alde batetik eta ni bestetik", dio amak.
Auto batetik besterako tartean amak umea ikusten zuen baina momentu baten umea desagertu egin zen. "Umea non sartu zen ikusteko gerturatu nintzenean, emakume bat ikusi nuen, nire alabari heltzen". Momentu horretan amaren erreakzioa emakumeari muturreko bat ematea izan zen. "Ez dakit ondo egin nuen edo ez, baina horrela atera zitzaidan".
"Dena azkar pasatu zen"
Emakumeak atzera egin, odoletan hasi eta korrika ihes egin zuen, errepiderantz. "Gizonezko batek gidatzen zuen auto urdin baten sartu zen eta ziztu bizian alde egin zuten. Nik umea autora sartu eta Udaltzaingoarengana abiatu nintzen".
Dena azkar pasatu zela dio. "Bat-batekoa izan zen dena". Umea bahitzen saiatu zen emakumeari emandako kolpearen ondorioz umearen amak eskumuturrean min hartu zuen.
Hurrengo egunean gurasoek Ertzaintzan salaketa jarri zuten. "Orain lasai nago, umea etxean daukagulako. Baina kontziente izan behar gara horrelakoak gertatzeko arriskua dagoela".