Bergarako produktu ezagunenen promozioa egiteaz gain, biharko ekitaldiarekin antolatzaileek herriko gozogile tradizionalen lana aitortu nahi dute nolabait. Hain zuzen ere, Larrañaga, Mujika eta Raizabal gozotegietako ordezkariak Muniben izango dira bihar, euren produktuak saltzen eta erreileno eta tostoien gaineko azalpenak ematen. Dastatzeak irauten duen bitartean Musika Eskolako ikasleek jarriko dute musika, giroa alaitzeko. Era berean, gozogileen lana erakusten duen bideoa ere erakutsiko dute Munibeko ekitaldian.
Abenduaren 11ra arte
Bestalde, Debagoieneko Mankomunitateak antolatutako jardunaldi gastronomikoak IX. ekitaldira iritsi dira. Bada, parte hartzen dutenen artean bi pertsonarendako afaria zozketatuko dute; jardunaldien balorazio inkesta bete behar da zozketan parte hartzeko. Abenduaren 11n bukatuko dira jardunaldiak.
Bergarak gozogintzarekin duen harremana luzea eta zabala da, honen lekuko dira Bergarako errelleno eta tostoiak gaur egun, ere, artisau eran ekoizten direnak. Bergarako gune historikoan daude gaur egun, era tradizionalean, errelleno eta tostoiak egiten dituzten hiru gozotegiak.
Larrañaga Gozotegia
1840. urtean Gotxotegia zegoen gaur egungo kokapenean Felix Aranzadi eta Valentina Unamunoren agintepean. Ordurako Bergarako errellenoak deituriko bizkotxoak egiten ziren bertan.
1870ean negozioa eta instalazioa Doroteo Unzurrunzaga Egiak hartzen zituen 1905 arte. 1905. urtean Manuel Larrañagaren familiak hartu zuen negozioa eta, gaur egun, familiaren laugarren belaunaldiak jarraitzen du lanean.
Argizarien ekoizpena eta kafetegi funtzioa garai batean bazuen ere, momentu honetan, gozotegiko eskaintza du. Etxe honetan, 1860ko urtarrilaren 4an Telesforo Aranzadi Unamuno jaio zen.
Mujika Gozotegia
1916. urtean Francisco Mujikak sortutako etxea, Bilbon Otxoa Gozotegian ikasi ondoren. Bere seme Roman Mujikak jarraitu zuen eta gaur egun, honen seme Xabierrek. Beraz, familiaren hirugarren belaunaldiak jarraitzen du Bergarako tradizioko artisau-gozoak ekoizten eta saltzen. Garai batzuetan, argizaria eta txokolatea ekoizten zuten.
Raizabal Gozotegia
1908. urtean Basilio Raizabalek jarri zuen gozotegia, umetatik Piaren Gozotegian aprendiz lanetan ibili ondoren. Gaur egun, familiaren laugarren belaunaldiak jarraitzen du tradizioko gozoak egiten. Garai batean, argizaria ere egiten zen.