Jakiundek Bergaran egin du osoko bilkura

Irati Goitia 2011ko azaroaren 19a

'Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren akademiak' Bergaran egin du gaur goizean osoko bilkura. Bertan izan dira Jakiunde osatzen duten jakintsuak eta baita Martin Garitano Ahaldun Nagusia eta Bergarako alkate Jesus Elortza, besteak beste.

Pedro Miguel Etxenike fisikariak eman dio bilkurari hasiera eta adierazi du Jakiunde instituzioak urrats garrantzitsua eman duela; hain zuzen, Bergaran bere egoitza ezartzea, Olaso dorrean. Etxenikek Bergararen iragana gogoratu nahi izan du bere hitzaldian. Esan du Bergara Euskal Herriko herri garrantzitsuenetarikoa izan zela, Peñafloridako kondeak bertan ezarri zuen errege seminarioari esker. Gaineratu du ezinbestekoa dela Bergara berriz zientziaren eta jakinduriaren unibertsoan jartze eta beraiek kondeak seminarioaren sorrerarekin ekin zion tradizioaren oinordeko sentitzen direla.

Elkarlana

Bestalde, Olaso Fundazioaren eta Jakiunderen arteko elkarlana bultzatzea ezinbestekoa dela adierazi du Etxenikek, eta, aldi berean, bereziki eskertu nahi izan du osoko bilkuren aretoan zegoen Jose Luis Elkororen lankidetza, gogoa eta jarrera.

Bere hitzaldiaz amaitzeko, Martin Garitanori esan dio Jakiunden ziur daudela euren instituzioa bere gurasoek Olaso dorrea zaindu zuten maitasun eta eraginkortasun berarekin zainduko duela. Izan ere, Garitanoren senideak Olaso dorreko zaindariak izan ziren.

Horri erantzunez, Garitanok esan du berarentzat ohorea dela bere jaiotetxea Jakiunderen egoitza izatea, eta gaineratu du badakiela jakintsuek asmatuko dutela Olaso dorrea zaintzen, bere gurasoek asmatu zuten bezala. Eta hala, Bergarako osoko bilkuren aretoko atearen goialdean dauden hitzak moldatuz zera esan die jakintsuei: "Hemen zaudeten gizon-emakume argidortarrak zaretela zuzendari eta eman iezaiozue onra beti Euskal Herriari".

Jesus Elortza Bergarako alkateak ere hitz egin du eta berak ere Errege seminarioaren garrantzia azpimarratu du eta esan du eurendako ohorea dela Jakiunde bezalako instituzio batek Bergaran izatea bere egoitza.

Osokoa eta bisita gidatua

Etxenikeren, Garitanoren eta Elortzaren hitzen ostean, akademiako bi kidek hitzaldiak eman dituzte: Jesus Altuna antropologoak eta Jose Luis de la Cuestra kriminologoak.Gaur egun lanean diharduten gaiei buruzko aurkezpen labur bat egin dute. Jarraian, osoko bilkura egin dute eta bertan datozen urteetarako plan estrategikoa izan dute hizpide. Azkenik, bisita gidatua egin dute herriko eraikin garrantzitsuenak ikusteko; tartean, Olaso dorrea bera.

Datorren urtean Bergaran

Datorren urteko udabarrirako espero dute Olaso dorreko lanak bukatuta egotea eta orduan hartuko dute egoitza bezala Jakiundekoek. Urtean birritan egiten dituzte osoko bilkurak eta hemendik aurrera Bergaran egingo dituzte, bertan izango dute-eta egoitza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak