Topolinoren eta Realaren ahotsa

Arritxu Barruso 2011ko aza. 19a, 01:00

Nork ez ditu abestu behin edo behin La vaca lechera, Mi casita de papel, Tiro-liro eta Mustapha abesti itsaskorrak.

Gehienak ere 40ko hamarkadako abestiak izan arren, 80ko hamarkadan egin ziren ezagun; hobeto esanda, Radio Topolino orkestrak egin zituen ezagun. Bada, asteon, hil egin da Radio Topolino orkestrako abeslari eta aurpegi Joaquin Laria.
Akaso, askok eta askok jakingo ez dutena da aipatutako abesti horiek guztiak eta beste asko ezagun egin zituen ahots dotore hura Bergaran jaio zela 1932an, gaur egun Udal Pilotalekua dagoen inguruan lehen zegoen Iritza baserrian, hain justu ere.

Musikari eskaini zion bizitza
Lariak txikitatik erakutsi zuen musikarako zaletasuna eta abilezia. 8 urterekin Zumarragako Udal Musika Bandako kide zen, Jesus Gonzalez Bastidaren zuzendaritzapean.

Urte batzuk geroago Madrilera joan zen eta bertan egin zuen musikari ibilbidea. Hainbat taldetan parte hartu eta gero, 80ko hamarkadan egin zen famatu Radio Topolino orkestrarekin. Kin Laria deitzen zioten eta El diluvio que viene (1977) eta Evita (1980) musikal famatuetan parte hartu zuen; azken horretan, Paloma San Basilio izar zuela.

Beste bitxikeria bat ere ezkutatzen du Bergaran jaiotako abeslariaren ibilbideak. Kin Laria izan zen Realaren ereserkiari ahotsa ipini ziona. Txuri-urdin ospetsuaren ahotsa, besteak beste, hamabostean behin Anoetan entzuten dena, Joaquin Lariaren ahotsa da. Joan den arren, hortaz, haren ahotsak gurekin jarraituko du urte askoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak