Hasierako asmoa zen joan den abuztuan eraikina botatzea, baina lanak atzeratzen joan dira, eta, azkenean, abenduko oporraldian egingo dituzte lanok. Arduradunen arabera, 15 bat egun beharko dituzte Erregetxo plaza aurreko eraikina botatzeko.
63 etxebizitza
Ez da garairik onena etxeak egiteko, baina, Ortubairko ordezkarien arabera, behin merkatu-ikerketa txiki bat egin ostean, udaberri aldera etxeak eraikitzen hasiko dira. Proiektuaren arabera, 12 etxebizitza babes ofizialekoak izango dira; beste 13 tasatuak: eta 38 etxebizitza libreak.
Ortuibarrek eta Jabier Arregiren Lotzen enpresek egingo dituzte etxebizitzok. Sustatzaileen arabera, dagoeneko hainbat jendek azaldu du interesa, batez ere eraikina botako zutela zabaldu denean herritarren artean. Izan ere, eraikinaren lekuan etxeak egiteko proiektua aspaldikoa da, eraikina erosi zutela 11 urte betetzear baitira.
Mariaren Lagundiko eraikina 1960ko hamarkadaren hasieran hasi ziren egiten eta ikasle asko eta asko igaro dira hango geletatik. 1990eko hamarkadaren bukaeran utzi zion Mariaren Lagundiak eraikin berria erabiltzeari. Eraikineko ikuskizun aretoak ere aspaldi jaitsi zuen teloia. Makina bat antzerki, musika eta zine emanaldi izan dira hango aretoan. Azken urteotan herriko hainbat elkartek lokalak izan dituzte Mariaren Lagundiko eraikinean, Udalak utzita.