Zifra asko ibili ziren dantzan atzoko osoko bilkura luzean. Aitor Iturriaga kontu-hartzaileak (Bergarako udaletxean 1989tik ari da) adierazi zuenez, gaurko moduko egoera ekonomiko larririk ez du orain arte ezagutu.
Iturriagaren arabera, administrazioaren egoera "delikatua da, baina ez dramatikoa". Gauza bera esan daiteke Bergarako Udaleko egoeraren gainean. "Horrenbeste zalantza sortzen da egun batetik bestera makroekonomian... Euroa desagertuko dela edo euroaren bigarren maila batera igaroko ote garen, BEZak puntu bat edo bi puntuko igoera izango duela, Raxoyren gobernuak lege ekonomiko zorrotzak jarriko dituela dirudi... Gure mendean ez dauden inkognitak dira, baina margen bat daukagu oraindik etorkizunari lasaitasun apur batez aurre egiteko, dramatismorik gabe. Ekonomia kontuetan serioak izan gara Euskal Herrian, ekonomia legeak beste inon baino hobeto errespetatu direlako. Baina epe ertain batean gauzak okertu daitezke neurriak hartzen ez badira. Emaitza baikorrik ez dut urteetan espero" adierazi zigun Iturriagak osoko bilkura amaitutakoan.
Udalaren zorra
Udalaren zorpetze mailari buruz, bankuekiko zorra jaitsi egin dela adierazi zuen Udaleko kontu-hartzaileak. Udalak bankuekin 10 milioi euroko zorra eta Diputazioarekin 1.370.000 eurokoa izango du urte bukaeran. Azken urteetan Udalak mailegurik eskatu ez duenez, bankuekiko zorra behera egin du.
Etorkizunari begira, gastu arrunta kontrolatzeko garrantzia azpimarratu zuen kontu-hartzaileak, hau da, pertsonal gastuak, erosketak (azpi-kontratazioak tartean) eta Mankomunitateko kuota eta dirulaguntzen kontrola eraman beharko du Udalak. Batzorde ezberdinetan gastu arrunta kontrolatzeko neurriak lantzeko premia azpimarratu zuen Iturriagak. Adibide moduan, Tolosa eta Gabiriako udalen kasua aipatu zuten: argiteriarekin aurrezteko neurri eragingarriak hartu dituzte han.
EAJren kezka
Aintzane Oiarbide EAJko bozeramaileak zera adierazi zuen: "Udalaren egoera ekonomikoa ez dago gastuak gehitzeko. EAJko udal taldeak etorkizuna kezkaz ikusten du. EAJk, Udalaren txosten ekonomikoa irakurri eta aztertu ondoren, argi dauka Udalaren egoera ez dela lasai egoteko modukoa. Gobernuak hemendik aurrera hartzen dituen erabakiek Bergarako Udalari urte askotarako eragina egin diezaiokete. Zuhurtziaz jokatzeko garaiak dira eta inbertsioak erakartzea ezinbestekoa da, EAJren udal taldearen iritziz. Bergarako Udalaren egoerak txarrera ez egitea nahi badugu, gure apustua herriko industriaren, komertzioaren eta zerbitzuen sustatzea ezinbestekoa da".
Udaleko plan estrategikoa dela eta, Udalaren erabakiak noren esku egongo diren galdetu zuen Oiarbidek. Haren ustez, erabakiak hartzeko ardura gobernuarena da, ez herritarrena. Jesus Elortza alkateak zera erantzun zion: "Dudarik ez. Gobernuak hartu beharko ditu erabakiak, baina herrien nahien arabera jokatuko dugu". Gobernuaren asmoen gainean ere galdetu zuen Oiarbidek eta Lauri Askargorta Ogasun batzordeko buruak esandakoaren arabera, egoera ez da hain txarra, gastuak ahal den neurrian mantenduko dituzte eta plan estrategikoaren ondorioen zain ere badago udal gobernua.
Presio fiskala
Juan Jesus Alberdi EAJko zinegotziaren ustez, presio fiskal altua da Udalaren ezaugarrietako bat. "Ondorioz, bergarar bakoitzak 700 euro eta piku ordaintzen ditu, beste udaletan baino 300 bat euro gehiago". Maileguak eskatzeko orduan inolako mugarik ote dagoen galdetu zuen Alberdik eta Iturriagak oraindik maileguak eskatzeko kapazitate handia dagoela esan zuen. Presio fiskalari dagokionez, Udalak inspekzio fiskal propioa dauka aspaldian eta hori dela eta beste zenbait udalek egiterik ez dituzten kobrantzak egiten direla eta Bergarak beste udalen tributu antzekoak dituela esan zuen Iturriagak.
Zuhurtzia eta zurruntasuna behin baino gehiagotan aipatu zituen Oiarbidek atzo. EAJko bozeramaileak eskerrak eman zizkion kontu-hartzaileari, prestatutako txostenagatik, eta plenora hurbildutako herritarren interesa ere eskertu zuen.
Bilduko Piti Madariaga izan zen atzoko osoko bilkuran huts egin zuen zinegotzi bakarra. Herritar gutxi batzuk ere hurbildu ziren pleno aretora, tartean Victoriano Gallastegi alkate ohia, Luis Abajo EAJko zinegotzia izandakoa eta aurreko agintaldian udal gobernuko kide izan zen Maite Guridi. Ordu eta erdi pasatxo iraun zuen udalbatzak.