Abenduaren 24an, Bergarako hiru ikastetxeak elkarrekin kantura

Edu Mendibil 2011ko azaroaren 15a

Abenduaren 24an kantura ateratzen dira Bergarako hiru ikastetxeak eta aurtengo nobedadeak zera izango da: ikasle denak eguerdi partean batuko direla Frontoian eta San Martin plazan

Ikastetxe bakoitzak bere ibilbide propioa egin ondoren, Haur Hezkuntzakoak Frontoian elkartuko dira eta gauza bera egingo dute Lehen Hezkuntzakoek San Martin plazan. Aranzadi Ikastola, Mariaren Lagundia eta San Martin ikastetxeetako ordezkariek Udaleko Gazteria eta Hezkuntza Teknikari Nagore Narbaizarekin hainbat bilera egin dituzte eta aurten, lehenbizikoz, hiru ikastetxeak batzeko akordioa egin dute.

Olentzero eta Mari Domingin bakarra

Hiru ikastetxeendako Olentzero eta Mari Domingin bakarra izango da. Txikienek bietako bat izango dute Frontoian zain eta gurasoak umeen kargu egingo dira hantxe. Bien bitartean Olentzerok edo Mari Dominginek San Martin plazan egingo die harrera Lehen Hezkuntzako neska-mutilei. Ikale guztiak plazan batzen direnean, ikuskizuna eskainiko dute Olentzerok eta Mari Dominginek.

Egun horretan txikienek, Olentzero, Alaken, Elurra teilatuan, Din dan don eta Bizar Zuri abestuko dituzte. Lehen Hezkuntzakoek, aldiz, Horra Mari Domingin, Hator, hator edota Gaueko izar prestatu beharko dituzte abenduaren 24rako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak