Pettiren kontzertua Txapa Irratiko denboraldi hasierarako

Edu Mendibil 2011ko azaroaren 14a

Txapa Irratiak denboraldi berriaren programazio aurkezpena egingo du egubakoitz arratsaldean, 19:30ean, eta aurkezpenaren ostean Petti bakarlariak emanaldia egingo du gaztetxean.

Egubakoitzean gaztetxera gerturatzerik ez dutenek Pettiren kontzertua zuzenean irratitik jarraitzeko aukera izango dute. Ohikoa bihurtzen ari den bezala, Txapa Irratian, FM 97.25ean entzun ahal izango da kontzertua. Era berean irratiko webgunean ere izango da entzungai.

Txapa Irratiko arduradunen arabera, teknologia berrietan eta Arrosa irrati sarean oinarritutako kalitatezko programazioa eskainiko dute aurten ere. 14 irratsaio propio izango dituzte eta, esan bezala, Arrosa irrati sareko hainbat irratsaiorekin osatuko dute programazioa.

Txapa Irratiko saioetako batzuk hauxek dituzue: Sasi guztien azpitik (Txapako asanbladako saioa); 90 segundu (era guztietako musika estiloen gainekoa); Jar itzazu tapoiak (hardcore musika da saioaren ardatza); Kolax (2005tik uhinetan dagoen irratsaio kontrainformatiboa); Haundikeittan (umorezko irratsaioa); Kaleko mobida (Ekaitz Etxezarretaren eskutik punk-oi musika irratsaioa da protagonista); eta Gurasoak (Txatxilipurdi euskara eta aisialdi taldearen eskutik, Guraso.com-en oinarritutako irratsaioa).

Beste hiru kontzertu

Azaroaren 18ko Pettiren hitzorduaz gain, azarorako beste hainbat hitzordu iragarri ditu Txapa Irratiak. Azaroaren 21ean, esaterako, Pete Ross australiarra izango da Bergaran. Ez da ohikoa astelehen baten kontzertua izatea gaztetxean, baina Ross Euskal Herrian dabilela aprobetxatuta, Bergaran ere geldialdia egingo du. 2001 eta 2004. urteetan Australia eta AEBetatik barrena Dan Broadie eta The Broken Arrows taldeekin gitarra jotzaile moduan aritu zen Ross. The Paesanos taldearekin grabatu zuen azken diskoa, baina gaztetxera bakarrik etorriko da.

Abendurako, berriz, beste bi kontzertu iragarri dituzte: hilaren 10ean Cobra eta Eikostate taldeak izango dira gaztetxean eta abenduaren 16an Rafa Rueda eta Andrakan izango dira gonbidatuak.

Ruedak diskoa argitaratu berri du, Enaren geometria izenburupean. Kritikaren arabera, mungiarraren azken lana aurrekoak baino pop-rock akustikoagoa dauka. Hamaika abestik osatzen dute Enaren geometria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak