Bergarako Ertzaindegiak koordinatutako operazio baten ondorioz, gizonezko bat atxilotu zuten, ustez Bergarako Udal Artxiboko, Loiolako Artxiboko eta Donostiako Zabala Etxeko artxibo pribatuko dokumentu historikoak lapurtu izanagatik; eta halako 200 dokumentu inguru topatu zizkioten ertzainek. Dokumentuak XVII. eta XVIII. mendekoak dira, baina bakoitza zein den eta nongoa den jakin behar dute orain. "Baliteke beste artxiboren bateko dokumentuak ere egotea", esan du Ertzaintzak.
Ikerketa irailean hasi zen, Bergarako Udalak ipinitako salaketa baten ondorioz. Ertzaintzak konfirmatu digunez, Bergarako Udal Artxiboko arduradunak faltan igarri zituen dokumentu batzuk, Errege Seminarioko Fondokoak. Filatelia ikertzaile batez susmatu zuten ertzainek. Bergarako artxibora sarritan joaten zen.
Atxilotu ondoren, epaitegira eraman zuten 48 urteko gizonezko hori.