Martoko eskola, umeendako aisialdi-gunea

Edu Mendibil 2011ko azaroaren 11

Martokoko eskola ume eta gurasoendako zabalik izango da astelehenetik, hilaren 14tik. Guraso talde batek eskatuta, auzotarrek eta Udaleko ordezkariek batzarra egin zuten aurreko astean; 60 lagun batu ziren Jesus Elortza alkatearekin, Maren Belastegi zinegotziarekin eta Nagore Narbaiza Gazteria eta Hezkuntzako udal teknikariarekin batera. Martokon eta inguruan aisialdi-gunerik ez dagoela eta, eskola lehenbailehen zabaltzeko eskaera egin zuten gurasoek, euria eta hotza denean umeekin nora joan izan dezaten.

Hasiera baten, aisialdi-gune moduan eskola 2012an zabaltzeko asmoa zeukan Udalak, baina irekiera aurreratzea erabaki dute, nahiz eta baldintzarik egokienetan ez egin. Udaleko iturrien arabera, behin zabaldu eta gero hobekuntzak egiten joango dira poliki-poliki. Izan ere, 2012ra arte itxoiteko Udalaren arrazoia horixe zen, leihoak konpondu eta bestelako lan batzuk egin behar direla.

Arratsaldez zabalik

Zabalotegiko Txiki-Txokoarekin gertatzen den moduan, arratsaldez zabalduko dute Martokoko eskola, 16:30etik 19:30era (Zabalotegin ordu erdi geroago ixten dute). Udaltzaingoak itxi eta zabalduko du lokala eta langile batek egingo du garbiketa.

Guraso eta umeendako 45 m2 inguruko bi gela daude Martokon; berogailua, komunak eta aterpetxo bat ere bai, umeen karroak uzteko egokia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak