Ile-apaintzaile saga bat osatzen duzue dagoeneko.
Txikitatik ezagutu dugu ofizioa, aita etxean lanean hasi zelako. Galeperretan lan egin ondoren, 32 urterekin hasi zen ile-apaintzaile, Arantxa dendaren goialdean geneukan etxean, gure logelan, hain justu. Goizean goiz alde egin beharra genuen handik... Soldadutzan ile-apaintzaile ibilitakoa zen aita eta Gasteizen ikastaro bat egin zuen lanean hasi aurretik. Eta bai, anai-arrebok bide bera hartu dugu...
Bergaran, behintzat, ile-apaindegi mordoa daude. Zuen ofizioan, antza, ez dago krisialdirik...
Bai, ile-apaindegi asko dago, baina ez Bergaran bakarrik. Krisia guztiok nabaritu dugu, baina egia da ilea moztea oinarrizko gastu bat dela eta goiz edo berandu ile-apaindegira jo beharra daukagula. Baina bai, krisia, gutxi edo asko, guztiok jasan behar izan dugu.
Pentsatzen dut uda aldean izango duzula lan handien... Bestela, jendeak badauka maniarik ilea mozteko orduan? Ilargiaren eraginaz ere berba egin izan da.
Uda aldean jende gehiago etortzen da, bai, baina baita jai bezperetan, Gabonetan, zubien aurretik-eta. Hotza hasten denean, normalean, beherakadatxoa igartzen da.
Eta ilargiaren eragina dela eta, teoria asko dago horren inguruan: batzuek ilargi betean mozten dute, beste batzuek ilgoran, ilbeheran besteek... Batez ere, nagusiek egiten dio kasu ilargiari. Baina teoria horiek jarraitzen dituztenen artean ere denetik dago: ilea dutenak eta burusoilak.
Ile-apaintzaileak erdi-psikologoak ere bazarete, ala? Konfesionario bihurtzen da ile-apaindegia zenbaitetan?
Bai, halako konplizitate moduko bat sortzen da zenbait bezerorekin eta batzuek lasaitu ona hartzen dute gauzak kontatzean. Jendetasuna funtsezkoa da lanbide honetan. Eta hor ibiltzen gara, futbolaz, ehizaz eta halako kontuez berbetan. ¡Hola! eta Semana-ko txutxu-mutxuak ez dakizkigu eta...
Gizonezkoen ile-apaintzailea da zurea...
Emakumezkoendako lizentzia ere badaukat eta neska gutxi batzuk etortzen dira, mutilen antzerako kortea izan nahi dutenak. Aitaren ile-apaindegira bai, hara emakumeak joaten dira.
Semeari ere moztuko zenion ilea honezkero...
Nahiko lan ematen dit! Hor ibiltzen gara emaztea eta biok umea geldi egoteko ahaleginetan, eta ezin... Burugogorra da eta ezetz esaten duenean, akabo. Konfiantza dagoenean, badakizu, harrotu egiten dira berehala. Uste dut ezagutzen ez duen beste ile-apaintzaile batengana eraman beharko dudala hurrengo.
Inoiz egin dizuten eskaerarik arraroena?
Aspaldi, aitaren ile-apaindegian nengoela, neska bat etorri zitzaidan eta kaskamotz uzteko eskatu zidan, denboraldi baterako mendira joan behar zuelako. Burua garbi-garbi utzi genion eta ez zitzaion gaizki geratzen...
Laneko gauzarik txarrena?
Ordutegia, zalantzarik gabe. Aste barruan denbora libre laburra daukat eta ia ez daukat astirik etxekoekin egoteko.
Eta lanetik irtendakoan zeintzuk dira zure zaletasunak?
Arrantza eta bizikleta, baina sasoi honetan gutxi... Spinning eskoletan hasi berri naiz orain. Baina familiarekin saiatzen naiz egoten. Aurreko asteburuan Azpeitiko Trenbide Museoan izan ginen eta asko gustatu zitzaigun. Guztiz gomendagarria da.